Irakeko Gobernuak ateak ireki dizkio Royal Dutch Shell petrolio konpainiari. Ateez gain, baita Basorako gas putzuak ere. Shellek eta Irakeko Gobernuak datorren hilean sinatuko dute 3.000 edo 4.000 milioi euro inguruko kontratua, Financial Times-ek aurreratu duenez. Shell izango da 2003an Irak okupatu zutenetik Irakeko Gobernuarekin hitzarmen bat sinatuko duen Mendebaldeko lehen petrolio konpainia.
Basorako eskualdean petrolio industriak egunero 20 milioi metro kubo gas erretzen ditu, segurtasun arrazoiengatik. Kopuru hori nahikoa litzateke Irak osoko energia premia betetzeko. Horregatik, Irakeko Gobernuak nahi du Shellek beharrezko azpiegitura jarri eta ateratako gasa sal dezala, bai Iraken bertan, bai Iraketik kanpo.
Irakeko Gobernuak eta Shellek joint venture erako akordio komertzialaren bitartez garatuko dute proiektua. Irakeko Petrolio Ministerioak edukiko du sozietatearen %51 eta Shellek %49.
«Pozik gaude Irakeko Gobernuaren erabakiareki, eta aurrera begira ari gara, hitzarmena epe laburrean sinatzeko», esan zuten atzo Shelleko ordezkariek. Irakeko Gobernuak hurrengo hilerako gonbidatu du petrolio konpainia kontratua sinatzera.
Ez dirudi Shell izango denik Irakeko Gobernuarekin kontraturen bat sinatuko duen Mendebaldeko petrolio konpainia bakarra. Assem Jihad Irakeko Petrolio Ministerioko bozeramaileak nabarmendu du Europa gas iturrien bila ari dela Iraken, eta segurtasun arazoak konpontzen ari direla. «Horrek beste konpainia batzuk etortzera animatuko ditu», esan zuen Jihadek.
Epe luzera begira
Orain artean Irakeko Gobernuak epe motzerako kontratuak sinatu nahi zituen Mendebaldeko petrolio konpainia nagusiekin. Jarrera aldatu egin du, ordea, eta epe luzerako kontratuak sinatu nahi ditu, Assem Jihaden arabera.
Irakeko Petrolio Ministerioak eta Txinako Gobernuak abuztuan berritu zuten Adhabeko phobietatik petrolioa ateratzeko 1997ko hitzarmena. Txinako Petrolio Korporazio Nazionalak ustiatuko du putzua. Ehun mila upel inguru aterako ditu egunero.
Shellek akordioa sinatuko du Irakeko Gobernuarekin, Basoran gasa ateratzeko
Okupazioaren ostean Mendebaldeko petrolio konpainia batek sinatutako lehen hitzarmena izango da
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu