Abanto Zierbenako (Bizkaia) Siban enpresak atzera egin du Kantabriara lekuz aldatzeko hartua zeukan erabakian. Urtarrilaren 23an Pedro Etxeberria enpresako kudeatzaileak Santanderren azaldu zuen Kantabriara aldatzeko operazioa. Ignacio Gonzalez Espainiako erkidego horretako presidentea izan zuen alboan Abanto Zierbanako fabrika Castro Urdialesera eramateko proiektua ezagutzera eman zuenean.
Ordutik, hedabideek sarritan jaso dituzte operazio horren xehetasunak, adibidez, fabrika berrian 100 lanpostu berri sortuko direla 15 milioi euroko inbertsioari esker. Halaber, jakitera eman dute irailean hasiko zela eraikitzen planta 25.000 metro koadroko azalera batean, Vallegon izeneko industrialdean.
Bada, Sibanek hobetu pentsatu du. Eusko Jaurlaritzak ez zuen batere ongi hartu Sibanen proeiektua, eta hala Bizkaiko Diputazioak nola Lakuak berak Peosa taldearen adarrari 2003tik emandako diru laguntzak berraztertuko zituela jakinarazi zion. Leku aldatze kasu bat ote zen aztertzen hasiko zela esan zioten enpresari erakunde biek.
Komunikabideek jasotakoaz aparte, Siban eta Bizkaiko Diputazioaren artean harremanak egon direla bistakoa da enpresako agintarien hitzetan: "Ustezko jardueraren leku aldatzea aztertzen ari den aukera bat besterik ez da, beste askoren artean". Garraio zintak ekoizten dituen enpresako arduradunak are gehiago argitu nahi izan dute egoera Bizkaian jarraitu nahi dutela esatean. "Euskal erakundeen laguntza nahi genuke gure proiektuak Bizkaian jarrai dezan". Komunikazio horrek Sibanen "konpromisoa Bizkaiko jarduera ekonomikoarekin eta enpleguarekin" garbi utziko duelakoan da enpresa.
Jaurlaritzaren presioak
Kantabriako gobernuak ez du ongi hartu Sibanek bere fabrika berriari buruz eman duen azken informazioa; Eduardo Arasti Industria kontseilariak esandakoa entzutea baino ez dago: "Begien bistakoa da Eusko Jaurlaritza presioa egiten ari zaizkiola Kantabriara etortzea aurreikusi duten enpresei".
Hala ere, Arastik uste du Siban Kantabriara joango dela: "Hona etorriko da, beste euskal enpresa asko bezala". Horiek horrela, beste bi euskal enpresa Kantabriara leku aldatuko direla iragarri du, izenik eman gabe. Kontseilariak ez du nahi haiek ere presioak jasotzea, "Sibanek jaso dituen moduan".
Bien bitartean, Eusko Jaurlairtzak eta SPRI agentziak atzo onartu zuten "lanean" aritu direla Sibanen beharrak egokitzeko soluziorik onenetan. "Eusko Jaurlaritzaren DNAn dago enpresekin eskuz esku lan egitea", esan du exekutiboak. Siban Kantabriara joango balitz, EAEtik Espainiara abantail fiskal eta bestelako mesedeen bila mugitutakoen auzia are gehiago puztuko litzateke, eta hauteskundeen garaian oso aldagai kaltegarri izan daiteke hori gobernatzen duen alderdiearentzat.
Oraindik mingarria da oso EAJrentzat Tubacexen kasua. Kantabriaren "languntza programa" bere alde jartzea erabaki zuen Amurrioko multinazionalak, eta fabrika berria zabaldu zuen han, Espainiako erkidegoak lurra kasik doan eskaintzen baitu. Ignacio Gonzalez presidenteak dei argia egin die euskal enpresei "bereziki Bizkaikoei", Kantabriara joan daitezen. Sibanen gertatua fronte hori behar bezala babesteko mugimendua litzateke Jaurlaritzaren aldetik.