Sidenor saldu diete Santander eta Gerdau taldeei 443 milioiren truke

Langileak «oso arduratuta» daude jabeek ez dietelako hitz eman lanposturik ezabatuko ez dutela

Erredakzioa
BILBO
2005eko azaroaren 16a
00:00
Entzun
Sidenor saldu dute. Orain arteko jabeek Brasilgo Gerdau eta Espainiako Santander taldeen esku utzi dituzte akzioen %80, 443 milioi euroren truke. Altzairu konpainiak lantegi bana dauzka Basaurin (Bizkaia), Gasteizen eta Elgetan (Gipuzkoa). Egunero 1.390 beharginek ateratzen dute bizimodua horietan, eta sindikatuak ez ezik, euskal administrazioak zelatan daude.

«Ekoizpen maila eta lanpostuak errespetatu behar ditu salerosketak», adierazi zuen Eusko Jaurlaritzako Lan Sailburu Joseba Azkarragak, atzo, Sidenorreko zuzendaritzak akordioaren berri eman aurretik. Ildo beretik jo zuen Bizkaiko Foru Aldundiko Lan eta Trebakuntza diputatu Julio Artetxek: «Salmenta prozesuak ezin ditu bazterrean utzi langileen eskubideak». Lanpostu kopurua eta enpleguaren kalitatea, zuzen esanda. Talde siderurgikoa euskal industriaren zutarrietako bat dela eta, hartara, salmenta gertutik jarraitzeko asmoa iragarri zuten batak eta besteak. Ez zuten espero, ordea, Sidenorrek, Gerdauk eta Santanderrek akordioa handik ordu gutxira ixtea. Hiru taldeek arratsaldearen joanean jakinarazi zituzten salmentaren nondik norakoak: akzioen %20 gorde dituzte Sidenorreko zuzendariek,%40 erosi ditu Brasilgo Gerdau konpainiak eta beste horrenbeste Espainiako Santanderrek. Akziodunei ez ezik, salmentak langileei ere mesede egingo diela uste dute Sidenorreko buruek. Tamainarekin tematuta daude eta Europako beste altzairugile handiekin bat egiten saiatu dira azkeneko boladan. Nahi eta ezin. Porrot egin zuten Frantziako Ascometal eta Italiako Luchinni konpainiekin hasitako negoziazioek eta, «ondo bidean», talde siderurgikoa saltzea omen «aukera egokiena».Erosleen «sendotasuna» nabarmendu zuten atzo. Banka munduan «talde ahaltsua» da Santander. Gerdau, bestalde, «nazioarteko hamabigarren altzairu ekoizlerik handiena» da. «29 lantegi dauzka Ameriketan han eta hemen sakabanatuta, urtero 16 milioi tona altzairu ekoitz ditzake eta 25.000 langile ditu», jakinarazi zuten Sidenorreko nagusiek.Ia 8.000 milioi euro fakturatu ditu urtarriletik irailera bitartean, eta 1.000 milioi euroko etekin garbiak lortu ditu Sidenorrek, iaz, 50 milioi euro irabazi zituen Euskal Herrian, Espainian eta Brasilen dauzkan lantegi guztien artean.

Lanpostuak kentzearen beldur

Diruak diru, «ondo kezkatuta» daude langileak. «Apenas eman digute informaziorik eta salerosketaren gainean hausnartzeko datu zehatzik ez daukagu», gaitzetsi zuen ELAk. Ezinbestekoa iritzi zion «lehenbailehen» jabe berrien eta sindikatuen arteko batzarra egiteari, guztien artean «talde siderurgikoaren sasoi ona eta etorkizuna» bermatuko badute. Lanposturik ez kentzeko eta gizarte plana errespetatzeko galdegin zien ugazabei. Lan taldea gazteagotu, behin-behineko kontratuak iraunkor bihurtu eta, orobat, lan baldintzak hobetu gura dituen plana izan zuen hizpide.

ELA bezala, LAB arduratuta dago langileei «inork» ez dielako hitz eman lanposturik ez dela galduko, eta lan baldintzak ez direla okertuko. Gogarazi zuenez, «Sidenorrek bidegabeki kaleratu berri ditu behin-behineko 43 behargin». Salmentak erregulazio espedienterik ez ekartzea espero du, eta «kezkagarria» deritzo talde siderurgikoaren aginte gunea Euskal Herrian barik, Brasilen egoteari. Eusko Jaurlaritzak berak albiste «gazi-gozotzat» dauka Sidenorren salmenta, aginte gune aldaketagatik. «Alde positiboa» da Sidenor talde askoz handiago batean sartu dela. «Lehiakortasunaren euskal egitasmoan aipatzen da tamaina ezinbestekoa dela globalizazioaren aroan», azaldu zuen Miren Azkarate bozeramaileak.

Kronologia



1882: Santa Agueda altzairutegia sortu zuten Bilbon. Hurrengo urteotan sortutako Recalde eta Castrejanarekin, S.A. Echevarria taldea eratu zen 1901. urtean.

1940: Aceros de Llodio sortu zuten, Laudion.

1940: Pedro Orbegozo lantegia eraiki zuten Hernanin.

1951: Gasteizen ireki zuten Forjas Alavesas.

1967: S.A. Echevarriak Basauriko lantegia inauguratu zuen.

1988: Industria astuna krisi sakonean zegoen. Espainiako Industria Ministerioak Acenor talde publikoan batu zituen aurreko urteotan bere esku geratutako Euskal Herriko hainbat altzairutegi: S.A. Echevarria, Aceros de Llodio, Orbegozo, Olarra eta Forjas Alavesas. Moldaketa prozesu gogor bati ekin zion, eta milaka langile kalean geratu ziren.

1990: Sidenor eratu zen, Acenorreko lantegiei Forjas y Aceros de Reinosa elkartuta.

1995: 300 milioi euroko inbertsioaren bidez lantegiak saneatu, berritu edo itxi ostean Hernanikoa, 1992an, Estatuak 13 milioi eurotan saldu zion Sidenor Sabino Arrieta buru zuen euskal eta italiar enpresaburuen talde bati. Orduz gero atzerrian hedatu da taldea eta irabaziak izan ditu: 50 milioi euro iaz.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.