Enpresak

Sidenorreko buruek erosi dizkiote Gerdauri Euskal Herriko sei lantegiak

Espainiako eta Kataluniako lantegiak ere erosi dizkiote, guztira 155 milioi euroren truke

Lantegia Basaurin. MARISOL RAMIREZ / ARGAZKI PRESS
Jon Fernandez.
2016ko maiatzaren 20a
11:43
Entzun

Aspalditik zen jakina, joan den urritik, salmentan zeudela Gerdau-Sidenorrek Euskal Herrian dituen sei lantegiak, baina gaur iritsi da baieztapena. Brasilgo altzairugileak Clerbil SLri saldu dizkio. Etxe barruan adostu dute salmenta, izan ere, gaur egungo Gerdau-Sidenorreko zuzendaritzako kideek martxoan sortu zuten Clerbil, egoitza Bilbon ezarrita, eta Jose Antonio Jainaga da enpresaren kudeatzaile bakarra, Gerdau-Sidenorreko egungo idazkari nagusia. Euskal Herriko lantegiak ez eze, Gerdauk Espainian eta Katalunian dituenak ere erosi dituzte. Guztira 155 milioi euro pagatuko dizkiote Brasilgo multinazionalari, eta datozen bost urteetan beste 45 milioi ordaintzea adostu dute etorkizunean negozioak hartzen duen bidearen arabera. 

Sidenor konpainiaren oinordekoak dira Gerdauk Euskal Herrian dituen lantegiak. 2005. urtean erosi zuen Gerdauk Sidenor. Gaur egun sei lantoki ditu martxan Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan. Handiena Basaurin dago (egoitza nagusia), eta beste bi altzairutegi ditu Gasteizen eta Azkoitian (Gipuzkoa). Horrekin batera, altzairu arina ekoizten du Legution (Araba), eta Soraluzen (Gipuzkoa). Azkenik, txatarra biltzen du Legazpin (Gipuzkoa). Espainian eta Herrialde Katalanetan dituen plantak ere kontuan hartuta, guztira 2.250 langile dira; 1.500 Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, eta bakarrik Basaurin, 900 inguru.

Salmentaren helburua Gerdauren lehiakortasuna handitzea dela azaldu du prentsa ohar bidez Andre B. Gerdau Johannpeterrek, Gerdauko zuzendari nagusiak."Merkatuan balio handiagoa sortu nahi dugu eta gure operazioen lehiakortasuna handitu, zorpetzea kontrolpean mantenduta. Testuinguru horretan, Espainiako dibisioaren salmenta egin dugu Gerdauk bere enpresa errentagarrienetan zentratzeko aukera izan dezan".  

Salmentaren ostean, konpainiak berriz ere jatorrizko izena berreskuratuko du, Sidenor, eta galdu egingo du multinazional brasildarraern dietura (Gerdau). Euskal Herrian, Kantabrian (Espainia) eta Katalunian ditu altzairutegiak, eta bulego komertzialak ditu Alemanian, Frantzian, Italian eta Erresuma Batuan. Hainbat sektore ekonomikorentzako altzairu bereziak ekoizten ditu Sidenorrek, batez ere automozio sektorearentzat. Sidenorrek eta Gerdauk, nolanahi ere, lankidetzan jarraituko dute produktu berrien garapen teknologikoaren arloan, batez ere automozio industriarako produktu berrien sorrera lanetan. 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.