«Ez da hiruhileko erraza izan Siemens Gamesarentzat», adierazi du Markus Tacke konpainiako kontseilari ordezkariak, 174 milioi euroren galeren berri ematean. «Aitortu behar dugu gure emaitza finantzarioa ez dela izan urterako helburuak ezartzean espero genuena. Eragin puntuala izanagatik ere, ez dugu espero halakorik berriro izatea hiruhileko gehiagotan, neurriak hartzen ari baikara». Neurri horiek arrisku kudeaketan eta gobernantza korporatiboan hartzen ari omen dira.
Garratza izan da gaurko eguna Tackerentzat. Siemens Gamesak bere urte fiskaleko lehen hiruhilekoan (2019ko urritik abendura artean) 2.001 milioi euroren salmentak egin zituen, aurreko urtean baino %12 txikiagoak. Indiako merkatuaren pattalaldia, Txinara saldutako haize errota merkeagok, eta haize errota handiagoetarako fabrikak egokitu beharrak izan dute eraginik horretan. Hala ere, haize errota egilearen arabera, beste batzuk izan dira hiruhilekoko galeraren arrazoi nagusiak. Joan den astean egindako profit-warning-ean (galera ohartarazpena burtsarentzat eta inbertsiogileentzat) azaldu zuenez, bere kontuei 150 milioi euroko kaltea eragin diete aurreikusitakoa baino kostu handiagoa izan duten zenbait proiektuk. Ohartarazpenak Siemens Gamesaren akzioen ia %10eko amiltzea eragin zuen burtsan.
Arazo guztiak bost on-shore (lurreko) proiektutan izan ditu Siemens Gamesak, Europa iparraldean, eta gehienbat Norvegian. Konpainiaren arabera, ibilbideen egoera txarrak eta neguaren etorrera goiztiarrak atzerapen nabarmena eragin dute proiektuetan, eta instalazio leihoari erasan dio. Off-shore alorrean (itsasoko haize erroten negozioan), berriz, aurreikusitako jarduerari eutsi diola jakinarazi du konpainiak.
Inoizko eskari gehien
Datu kaskar batzuen garraztasuna beste zenbaki batzuekin gozatzen saiatu da Marcus Tacke; eskari kopuruaren eztiarekin. Siemens Gamesaren eskari poltsa inoizko handiena da, 28.089 milioi eurorena, hiruhilekoan %82, 4.628 milioi euro hazita. Konpainiako presidentearen aburuz, energia eolikoak, eta Siemens Gamesak berak, epe luzerako dituzten aukeren adierazle da kopuru hori. Alde horretatik, Tackek uste du Senvionen aktiboen erosketak bultzada emango diola zerbitzuen negozioari, «zeinak marjina askoz handiagoak dituen».
Dena den, kopuru guztiei begira, Siemens Gamesak beheratu egin behar izan ditu 2020. urterako bere hazkunde aurreikuspenak. Lehen, ustiapeneko emaitzaren %5,5 eta %7 arteko hazkundea aurreikusi zuen; baina, orain, %4,5 eta %6 artekoa da. Urte honetan, 10.200-10.600 milioi euroren salmentak egitea espero du multinazionalak.
Siemensek Iberdrola akziodunarekin piztuta duen gatazkan, badirudi energia konpainiak Siemens Gamesan dituen akzioak saltzeko negoziazioak nahiko aurreratuak daudela. Ikusi beharko da, dena den, operazio hori nola gauza daitekeen alde guztien nahiak betetzeko moduan.