Siemens Gamesak dio Agoizko fabrikaren itxiera «saihetsezina» dela

Gaurko biltzarrean, Andreas Nauen presidenteak adierazi du «erabaki zaila» dela baina lantokia ez dela lehiakorra. Kanpoan, langileen batzordeak itxiera salatu du.

Agoizko langileak protestan, Bilbon, gaur, biltzarraren egoitzako atarian. LUIS TEJIDO / EFE
2020ko uztailaren 22a
15:01
Entzun

Siemens Gamesak bereari eusten dio. Uztailaren hasieratik, itxi egingo zutela iragarri zuenetik, atzera ez egiteko borondatea azaldu du. Gaur Bilbon egin duten biltzarrean, Andreas Nauen presidenteak azpimarratu du Agoizko fabrika itxi egin behar dela. Jose Manuel Alonso administrazio kontseiluko buruak, berriz, gaineratu du «saihetsezina» dela, eta lantokia ez dela lehiakorra. Bi agintariek nabarmendu dute sindikatuekin hitz egiten jarraitzen dutela, akordio batera iristeko. Hain zuzen ere, ostiralean dute kontsulta epe barruko hirugarren bilera.

Kanpoan, langileek protesta egin dute itxieraren aurka. Alfonso Poyo langileen batzordeko presidentearen hitzetan, enpresaren argudioak ez dira errealak, «ez dira objektiboak». Poyoren arabera, «deslokalizazioa argia da; beste herrialde batera doaz han lan kostuak merkeagoak direlako». Poyok nabarmendu du erakunde publikoen babesa dutela, enpresak «laguntza publiko ugari jaso baititu urte guztiotan». «Ez da posible apenas hamar urteko iraupena duen eta Nafarroako Gobernuaren laguntza jaso duen enpresa bat beste toki batera eramatea bat-batean hala nahi dutelako».

Enpresaren interpretazioa

Biltzar barruan, Nauenek argudiatu du «garai zaila» bizi duela enpresak, eta beharrezkoa dela «norabidea aldatzea eta etxea txukun jartzea». Arrazoien artean aipatu ditu COVID-19aren eragina eta Indiako operazioek uste baino geldialdi handiagoa izan dutela. Nauenen arabera, orain arteko ibilbidea geratu eta «hutsetik hasi behar dute», negozio atal guztiek beren onena eman dezaten. Moldaketak denbora beharko duela uste du. Nauenen iritziz, lur barruko on-shore delako atala «bereziki zigortua» izan da, eta han neurri gogorragoak hartu behar dituzte.

Datorrenari begira, lehiakortasuna pala eta turbina handiak egitean dagoela deritzo, eta, Nauenen iritziz, Agoizko lantokia ez dago prestatua agertoki horri begira. «Kostuak handiagoak dira, eta instalaziotik 200 kilometrora dago. Itxi egin behar dugu».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.