Silikonen sektorea etengabe hazten ari dela ikusita, Silikona Likidoaren Poloa sortu du Bihartean ganberak. Lapurdiko eta Gipuzkoako bost enpresak eta bi teknologia zentrok osatuko dute, eta silikona likidoa egiteko prozesu osoaz arduratuko da, diseinutik hasi eta ekoizpenera arte.
Gaur aurkeztu dute proiektua Andre Garretak eta Pedro Esnaolak, Baionako eta Gipuzkoako merkataritza ganberetako presidenteek —bi elkarte horiek osatzen dute Bihartean—. "Proiektu honen erronka oso garrantzitsua da, lortu da produktu hobeago baten bila enpresak elkarlanean aritzea, eta gainera enpresa horiek geografia eremu ezberdinetakoak izatea", adierazi du Esnaolak.
2010eko uztailean sortu zen Bihartean, eta dagoeneko 600 enpresari eskaini die zerbitzua. Orain arteko balorazioa “erabat positiboa” dela nabarmendu dute bi presidenteek. Haien esanetan, ganberak euroerregioaren estrategiaren barruan parte-hartzea bultza dezake. “Azpiegituren garapen planetan enpresa sektorearen parte hartzea indartu dezake, baita enpresen arteko berrikuntza eta nazioartekotze prozesuak bultzatu ere”.