Espainiako lan araudietanbata bestearen atzetik egindako erreformak dira prekarietatearen «eragile» nagusietako batzuk. «Ez da harritzekoa euskal enpresaburu asko burujabetasunaren tesiaren aurkakoak izatea, hain eroso bizi dira!». Hain zuzen, Madrilen beste lan erreforma bat egitearen alde direla ohartarazi zien idazkariak bere ordezkariei, eta «erantzuna antolatzen» hasteko beharra azpimarratu zuen; greba orokorrerako aukera ere aipatu zuen. Mobilizazio horrek, «ezinbestez» Lan Harremanen Euskal Esparruaren aldekoa izan behar du, LABen iritziz, «arlo sozio-laboralean legeak egiteko eskumena eskuratzea eta Lan Kodea egitea behar-beharrezkoa» baita. «Hortik sortuko da benetako elkarrizketa soziala», azaldu zuen idazkari nagusiak. Diezen ustez, erakundeek ere prekarietatea bultzatzen dute, besteak beste azpikontraten bidez, «hipokrisiazko jarrera» batekin, gero «marketin hutsa» diren «enplegu planez» hitz eta pitz jarduten baitute. Gasteiz eta Iruñeko gobernuek enpresa publikoekin besteentzat «jarraibide» izan behar duela uste du: «Test hori gainditu behar dute».Beste sindikatuei «egiazko ahalegina» eskatu zien Diezek prekarietatearen aurkako plataforma osatzeko, «eduki zehatzekin». Indar sindikal, sozial eta politikoak biltzea eta aktibatzea ere nahi du Diezek prekarietatearen aurkako mobilizazio handia egiteko, «35 orduen aldekoa bezala». Beste sindikatuen jarrera kritikatu zuen Diezek. Haren ustez, CCOOk eta UGTk patronalarekin eta administrazioekin itunak sinatzeko duten joera iraunkorrak ere bultzatzen du prekarietatea. Kezkatuta agertu zen Diez bi sindikatu horiek hurbil legokeen lan erreforman izan dezaketen jarreraren inguruan.
Kritikak ELAri
Kritika gogorrenak, hala ere, ELArentzat izan ziren: zatiketa sindikalak ahulezia areagotu egin du, eta ELAk, sindikatu nagusia den aldetik, horretan erantzukizunik badu, Diezen ustez. «Une honetan arduratuago dago bere interes taktikoekin, ekintza batasun integral bat osatzeko konpromisoekin baino».
«Sindikalismo mediatikoa» amaitu behar dugula esan zuen LABeko idazkari nagusiak. «Konfrontazioa ez da predikatzen, praktikatu baizik, eta horrek guztientzat balio du, baita pegatina balitz bezala konfrontazioko sindikalismoaz harrotzen denarentzat ere, jakina».
ALDAKETA POLITIKOA
«Ez dago bidezidorrik»
«Bake eta normalizazio eszenatokiak euskal gizartearen erabakitzeko ahalmenean oinarritu behar du. Eskubide hori Euskal Herri osoan posible egitean, trantsizio nazional eta demokratikorako prozesurako adostasunean», esan zien Diezek PSOE eta EAJri, eta Madril eta Parisko gobernuei. «Ez dago bidezidorrik gatazka konpontzeko». ELA ere izan zuen gogoan: «Sinesgogor ageri direnei, erreferentzia izan nahian baina busti gabe ari direnei eta ELAren zuzendaritzaz ari naiz, autodeterminazioaren alde borrokatzen garenon barrikadan itxaroten diegu».