Sindikatuak

Sindikatu abertzaleek «esparru sozioekonomiko propioa» aldarrikatu dute

Euskal Herriko ELAk eta LABek, Kataluniako CSCk eta Galiziako CIGk lau puntuko agiri bateratu bat plazaratu dute, «gizarte agenda eta erabakitzeko eskubidea» ardatz hartuta.

Lau sindikatuetako ordezkariak. BERRIA
gotzon hermosilla
2020ko otsailaren 5a
15:30
Entzun

ELAko Mitxel Lakuntzak, LABeko Garbiñe Aranburuk, CIG Confederacion Intersindical Galegako Paulo Carrilek eta CSC Confederacio Intersindical Catalanako Carles Sastrek Gizarte agenda eta erabakitzeko eskubidea izeneko agiri bat aurkeztu dute. Han, lau sindikatu abertzaleek lau aldarrikapen nagusi biltzen dituen proposamen bat egin dute, Espainiako Gobernu berriari zuzendua, baina hiru nazioetako eragile politikoak ere interpelatzen dituena.

Agenda sozial bat prestatzea «pentsio erreformak eta lan erreformak lehengoratzeko»; lan harremanen, pentsioen eta babes sozialaren sistemaren eredua «eremu bakoitzean» erabakitzeko eskubidea; «agenda demokratizatzailea», besteak beste mozal legea indargabetuko duena; eta «politikari lehentasuna ematea», Espainiako Estatuaren eta estaturik gabeko nazioen arteko gatazkak «onbideratzeko» tresna gisa; horiexek dira lau sindikatuek aldarrikatutako puntuak.

Sindikatuek adierazi dutenez, Espainiako estatua «krisi sozial eta politiko sakon eta egiturazko» batean murgildua dago, eta, hori ikusita, sindikatu subiranistek erabakitzeko eskubidean oinarritutako agenda soziala kontrajarri nahi diete ultraeskuinak proposatzen dituen «birzentralizatzeari eta autoritarismoari» eta «78ko erregimenari eutsi nahi dioten indarrek» bultzatzen duten «autonomismo agortuari».

Esan dutenez, Espainiako Gobernuari eta hura sostengatzen duten PSOE eta Unidas Podemos alderdiei egin nahi diete interpelazio zuzena, baina nazio bakoitzaren indar subiranistei ere igorri nahi diete proposamena. Zehazki, EAJ, EH Bildu, BNG, ERC, JxCAT eta CUP aipatu dituzte, eta iragarri dute haien asmoa dela indar parlamentario horiekin biltzea otsailaren 19an, agiriaren berri emateko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.