ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAE sindikatuek deituta, lanuztea egin dute gaur ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetan, plantillaren lan baldintzen inguruan Osakidetzarekin ados jartzen ez direla-eta. "Gustura" azaldu dira deialdiarekin, "parte-hartze handia" egon dela diotelako. Haien datuen arabera, elkarretaratzeetan hiru mila lagunek baino gehiagok hartu dute parte hiru orduko lanuztean.
Osakidetzak, berriz, esan du lanuztea %28,03koa izan dela, aurrekoa baino %3 txikiagoa -azaroaren 15ean izan zen aurreko lanuztea-. Gaur, haren datuen arabera, Bizkaian %29,03koa izan da jarraipena, Gipuzkoan %27,4koa eta Araban %26,11koa.
Gaurko deialdia zela-eta Osakidetzaren arduradunek langile batzuei "jazarpena" egin dietela salatu dute sindikatuek, eta zerbitzu gehigarri batzuk egitera "behartu" dituztela.
Sindikatuek Osakidetzaren bigarren eskaintza baztertu egin dute, "gatazka konpontzeko ezinbesteko diren gaiak ahaztu egin baititu", ELAk esan duenez. Haiek dioetenez, Osakidetzak ez die egin aipamen garbirik soldata taulei, denentzako garapen profesionalari buruz ere ez, ezta pribatizazioaren auziari ere. Negoziazioak "blokeatuta" daude.
Osakidetzak eskaerak idatziz "zehazteko" eskatu die.
Argazkian, Azpeitiko (Gipuzkoa) osasun zentroko hainbat langile, gaur, elkarretaratzean. (Uztarria.com)
Ekonomia
Sindikatuak pozik osasun zentroetako lanuztearekin
ELA, LAB, SATSE, CCOO, UGT, ESK, UTESE eta SAEk deituta geldialdiak egin dituzte gaur ere Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako osasun zentroetan lan baldintzen alde. Osakidetzarekin dituzten negoziazioak "blokeatuta" daude. Osakidetzak dio lanuztea %28koa izan dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu