ekonomia

Sindikatuek deituta ehunka lagun bildu dira Euskal Herrian Bolkestein araudiaren aurka

Euskal sindikatuek deituta ehunka lagun Bilbon, Donostian, Gasteizen eta Hendaian bildu dira gaur Bolkestein araudiaren aurka protesta egiteko. Estrasburgoko Europako Legebiltzarrean 15:00etan hasi da gaur Bolkestein araudiaren gaineko eztabaida eta ostegunean egingo dute bozketa. Milaka langile legebiltzarraren atarian bildu dira araudia arbuiatzeko. Euskal sindikatuen iritziz, araudiak Europako Batasuneko zerbitzuen sektorearen joko arauak apurtuko ditu.

2006ko otsailaren 14a
19:14
Entzun
ELA, LAB, ESKE, STEE-EILAS, EHNE eta ELB sindikatuek elkarretaratzea egin dute gaur eguerdian Bilboko Plaza Zirkularrean. Ehunka pertsona bildu dira bertan Bolkestein araudiaren aurka protesta egiteko. Besteak beste, Jose Elorrieta ELAko idazkari nagusia. Elorrietak azaldu duenez, araudiak zerbitzuen sektoreko arauak apurtuko ditu.

ELAko idazkariak azaldu duenez, zuzentarau honek "ez ditu aldez aurretik Europako Batasunezko lan baldintza minimoak bateratzen". Hori dela eta, Elorrietaren ustez, "guztiz ezegonkortu dezake lan merkatua". Era berean, azpimarratu duenez, hainbat herrialdek araudia arbuiatu ostean egin diren aldaketak "oso azalekoak dira". Aldaketek, Elorrietaren ustez, aldaketek ez dituzte gai nagusiak jorratzen: sektore askotan eragingo duela eta arauak apurtuko dituela.

CCOO, UGT , CFDT, CFTC, UNAS eta CGT sindikatuek euren aurkakotasuna azaldu dute gaur Hendaian egindako elkarretaratzean; 500 lagun inguru bildu dira bertan. Juan Ramon Unamuno CCOOko arduradunak salatu duenez Bolkestein araudia onartuko balitz “langile askok ez dute Lanbidearteko Gutxieneko Soldata ere jasoko”.

Donostian ere 200 lagun bildu dira gutxi gora-behera ELA, ESK, STEE-EILAS eta LAB sindikatuek deituta. Protestarekin bat egin du, besteak beste, LABeko idazkari nagusi Rafa Diezek. Diezen arabera, Europako Batasuneko sindikatuek “erantzun irmoak” planteatu behar dituzte Europa eraikitzeko prozesuan beste gizarte eredu bat eskatzeko. Esaterako Europan greba egiteko aukera aipatu du Diezek: “Urratsak eman behar dira eta erantzun egin behar zaio araudiari eta proposatzen den Europa sozialaren ereduari”.

Gasteizko Andra Mari Zuriaren plazan, berriz, ELA, LAB, ESK, ENHE, Hiru eta ELB sindikatuetako ehunka lagun bildu dira eta Bolkestein araudiaren aurkako esku orriak banatu dituzte. Goizean egin dituzten protestaldi horiez gain, gaur, Baionan, Herriko Etxetik abiatuko dute martxa 18:30ean LABek eta ELBk deituta.

Bolkestein zuzentarauak dakarren jatorrizko herrialdearen printzipioa da sindikatuek gehien kritikatzen dutena. Izan ere, egoitza soziala duten herrialdeko legeak soilik errespetatu beharko dituzte enpresek. Adibidez, demagun enpresa batek Poloniara eramaten duela bere egoitza, bertako lan eta ingurumen baldintzak onuragarriak zaizkiolako. Gerora, bere zerbitzuak Euskal Herrian eskaini ahal izango ditu Polonian indarrean dauden legeei begira. Jatorrizko herrialdearen arabera lan baldintzak okertuko lirateke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.