Etziko Hego Euskal Herrirako greba orokor deialdia egin duten sindikatuen ustez, "gehiegizkoa" da Nafarroako Gobernuak garraio eta osasun arloetan egun horretarako jarriko dituen gutxieneko zerbitzua. "Greba eskubidea trabatzen" saiatzea egotzi diote deitzaileek: ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk.
Osasun arloko zerbitzuak, esaterako, jai egun batekoak baino handiagoak izango direla esan dute sindikatuok. Helegiteak sartu dituzte bi arlo horietan. UPN eta CDN eskubiko alderdiek osatzen dute gobernua.
Ostegun eguerdian Iruñean, Lizarran eta Tafallan manifestazioak egingo dituztela jakinarazi dute ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk. Arratsaldean, berriz, toki haietan ez ezik, Lesakan, Leitzan, Altsasun, Tuteran eta Zangozan ere bai.
Eusko Jaurlaritzak greba orokorraren eguna "baketsua" izatea eskatu die deialdia babesten duten sindikatuei eta "lan egin nahi dutenei lan egiten" uzteko.
Nafarroako Ezker Batuak ez du greba babestuko
Greba orokorrarekin ez du bat egingo IUN-NEB Nafarroako Ezker Batuak. Haren arabera, "deialdi nazionalista delako eta ez langile klasearena".
"Finantza krisiaren eta lanpostuen suntsitzearen aurrean langileen batasuna eta horien interesak defendatzeak lehentasuna du, beste ideia guztien gainetik", IUN-NEBren ustez. Etziko greba orokor deialdiaren oinarria, IUN-NEBen arabera, "nazionalismoari, nortasunari eta lurraldetasunari lotuta dago. Langileen eskubideak eta interesak defendatzeko lehentasunean, horien nortasunak eta lurraldetasunak ez dute garrantzirik".
Horrez gain, ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruk deialdiarekin "sindikatuen eta langileen banaketa" bultzatu dutela dio Nafarroako Ezker Batuak: "Grebaren deialdiarekin, UGT eta CCOO sindikatuak patronalekin batera, langileen arazoen erantzule egin dituzte".
IUN-NEBek langileen defentsa eta eskubideak babesten dituen deialdi guztiak babestuko dituela nabarmendu du, "baina, zoritxarrez, hori ez da etziko greba orokorraren helburua".
UPDk ere ez du greba orokorra babestuko, "xede zehatzik ez duen greba politikoa, baztertzailea eta frontista" delako, haien iritziz.
greba orokor deialdia
Sindikatuek diote "gehiegizkoa" dela Nafarroako Gobernuak etziko jarritako gutxieneko zerbitzua
ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE eta Hiruren ustez, "greba eskubidea trabatzen" saiatzen ari da exekutiboa. Honek garraio eta osasun arloetan hartutako neurriak salatu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu