Lanik gabekoen kopurua handitu izanak ez ditu harritu sindikatuak. Garbi daukate zerk eragin duen enplegu galera: Espainiako Gobernuak erabakitako erreformek eta administrazioek gastu publikoa gutxitzeko hartutako neurriek. Mikel Noval ELAko Gizarte Arloko arduradunaren esanetan, «datuek erakusten dute gobernatzen dutenak ez direla kezkatzen lanik ez dutenez, ez eta lana dutenez ere». Murrizketa politikarekin gizartea pobretzea beste helbururik ez dutela salatu zuen Bilbon egindako agerraldian.
Ildo beretik jo zuen LABek ere. «Sektore publikoko murrizketak, enplegu galera areagotzea eta sektore pribatuan soldatak ez igotzea mehatxua dira barne eskariarentzat, eta irtetea geroz eta zailagoa izango zaigun gurpil ero batera garamatzate». Argi dauka, gainera, egoerak okerrera egingo duela, eta komeni dela gogoraraztea «aurreko atzeraldiaren ondorioak gainditzeke ditugula oraindik».
Sindikatu abertzaleen ustetan, egoera are gehiago gaiztotuko dute PPko gobernuak iragarri dituen erreformek.Horregatik, mobilizatzeko eskatu diete euskal herritarrei, erreformei aurre egiteko langileek eskura dituzten tresna bakarrak negoziazio kolektiboa eta protesta direla uste baitute.
Euskadiko CCOOk ere «oso kezkagarritzat» jo ditu langabeziaren inguruko azken datuak, lehendik ere nahiko gaizki zegoen lan merkatuak okerrera egin duela erakusten dutelako. Horregatik, lanpostuak sortzeko, administrazioei eskatu die politika aktiboak indarrean jartzeko eta gizarte babesa indartzeko. «Diru sarreretan eragiteko politikak eta finantza sistemaren aldaketa eraginkorra eskatzen ditugu, kreditua familiengana eta enpresetara irits dadin».
Inbertsio publiko eske
Felipe Garcia UGT-Euskadiko Enplegu eta Prestakuntza idazkariak ere ekonomia berpizteko neurriak hartzeko ordua dela adierazi du, «ez ekonomia are gehiago uzkurtuko duten murrizketa neurrietan sakontzekoa, horrek zalantzak baino ez baititu sortzen herritarrengan». Administrazio publikoek inbertsioak sustatu beharko lituzketela nabarmendu du, etenik gabeko murrizketek egoera «jasanezina» egingo dutelako.
Miguel Angel Lujua Confebaskeko presidenteak ere ekonomiaren hazkundea eta enplegua bultzatzeko neurriak eskatu dizkie administrazioei, bere blogean idatzitako artikulu baten bidez. Haren esanetan, orain arte nazioarteko merkatuen konfiantza berreskuratzeko beharrak justifikatu du neurritasun politika, «baina garaia da egiturazko erreformak egin eta neurri pizgarriak hartzeko, jarduera ekonomikoa eta enplegua sustatzea delako orain erronka».
Sindikatuei eta patronalari bakarrik ez, Nafarroako Gobernuari ere «biziki kezkagarriak» iruditu zaizkio populazio aktiboaren inkestaren emaitzak. «Egoerak nabarmen egin du okerrera, eta argi ibili behar dugu ekonomiaren eta enpleguaren inguruko aurreikuspenak egiterakoan». Hala ere, nabarmendu du Nafarroa inguruko autonomia erkidegoak baino egoera hobean dagoela. PSNk, baina, enplegu galera geratzeko neurri eraginkorrak hartzeko eskatu dio Barcinaren gobernuari.
EAJk Espainiako Gobernuari galdetu dio ea zer egin behar den langabeziaren hazkundea geratzeko.
Murrizketak ekonomia itotzen ari direla eta, Aralarrek enplegu eta inbertsio plan bereziak eskatu dizkie Eusko Jaurlaritzari eta Nafarroako Gobernuari. Bilduk, berriz, murrizketen kontrako mobilizazioetan parte hartzera deitu ditu euskal herritarrak.
Sindikatuek erreformei eta murrizketei bota diete errua
ELAk eta LABek datozen asteetako mobilizazioetan parte hartzera dei egin diete euskal herritarrei
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu