Sindikatuek greba antolatu dute Lanbiden maiatzaren 10erako

ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuek geldiarazi egin nahi dute Lanbideren bulegoetan ezartzekoa den harrera eredu berria, besteak beste, erakunde horretako "langileen oinarrizko eskubideak urratzen dituelako".

Lanbideren bulegoa Lasarten. JON URBE / FOKU
Irune Lasa.
2018ko apirilaren 24a
12:11
Entzun

Ostiralero Lanbideren bulegoetan elkarretaratzeak eta maiatzaren 10ean greba eguna. Lanbideko beharginek mobilizazioei ekin diete ez daudelako ados "aldebakartasunez inposatu" nahi dieten arreta eredu berriarekin. ELA, LAB, CCOO eta UGT sindikatuak dira deitzaileak eta adierazi dutenez, protesta ekimenek joan den astean egindako langile batzar zabalen babesa dute. 

Sindikatuek arreta eredu berri horren ezarpena geldiarazteko eskatu dute "eta eredu berri bat negoziatzeko hasieratik". Ezarri nahi den eredu berriak Lanbideren "zerbitzua okertuko" duela uste dute baita langileen baldintzak ere, besteak beste, langile horien oinarrizko eskubideak urratuko dituelako. Lanbideko bulegoetan mailaka ezartzen ari den sistema berriak, esaterako, euren buruak hatz-marka bidez identifikatzera behartzen ditu langile eta zerbitzuaren erabiltzaile oro.

Lanbidek bete behar dituen eginkizunekin bat etorriko den eredu berri bat nahi dute sindikatuek, enplegu politika aktiboak alde batera utzi gabe.  "Zenbait hilabetetan elkarrizketak izan arren, eredu berriaren ezarpena aurrera doa, tamalez, ez baitituzte kontuan hartu gure eskariak". Sindikatuen arabera, Jaurlaritzak adierazi die ez duela eredu berria gelditzeko asmorik. "Abiaraziko dute langile gehienen iritziaren aurka, sindikatu bakar baten sostengurik gabe, eta herritarrentzako zerbitzuaren kaltetan".

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.