Gipuzkoako papergintzaren sektorean urrun daude aldeak, eta sindikatuek mobilizazioetan urrats bat egitea erabaki dute Adegi patronalaren jarrera ikusita. "Negoziazioa blokeatua dute", esan dute sindikatuek, euren proposamena "ez dutelako baloratu ere egin". Sektoreko soldatak aurten eta datorren urtean %0,5 igotzea proposatu du Adegik, eta gogoratu du Gipuzkoako ituna "Espainiako onena" dela. Horrekin batera patronalak mezu argi bat utzi du: "Gatazkak konpontzeko araudiak jasotzen dituen prozedimentuak" baliatuko ditu adostasunik ez bada lortzen.
Azken hamar hilabeteetan hamar batzar egin dituzte aldeek, azkena gaur, eta sindikatuek uste dute Adegik ez duela negoziatu nahi. "Ez dituzte hitzarmenaren hainbat artikulu zaharkitu egungo legera egokitu ere egin". "Ez dute igoerei buruz ezer entzun nahi, ezta mutuei buruz edota Medikuntza Zerbitzuaren kudeaketari buruz ere". Sektoreko hainbat enpresatan zuzendaritzak ituna urratu du, baina "horri buruz ere ez du ezer jakin nahi".
Adegik dio Gipuzkoako itunak abantaila handiak dituela Espainiakoarekin alderatuta. "70 ordu gutxiago lan egiten dute, eta %30 eta %40 artean gehiago kobratzen dute. Gure enpresentzat Espainikoentzat baino %46 handiagoa da kostua".
Egoeraren hori ikusirik, sindikatuek —ELA, LAB, CCOO eta UGTk— mobilizazioak iragarri dituzte aurrerantzean, tartean grebak ere bai.