Adegiren ustez, enpresek kostuak gutxitu eta malgutasuna handitu beharra dute, krisiak sortutako testuinguruan «arrakastarako modua» izateko. Horregatik, metalgintzako langileen soldatak bere horretan atxiki, kontratatzeko mugak kendu eta hainbat eskubide murriztu nahi ditu patronalak datozen bi urteetarako proposatu itun berrian.
Lanaldiaren eta soldaten gainean eginikoak ez ezik, enpresaburuen eskaintzaren arabera bestelako eskubideak ere kendu edo murriztu nahi direla salatu dute ELAtik. Besteak beste, malgutasuna urteroko 65 orduetatik 120ra igo, ordaindutako baimenak eragotzi, antzinatasun gehigarria kendu eta langileen ordezkarien eskubideak murriztu nahi dituztela dio sindikatuak.
ELAren ustez, Adegik ez du metalaren ituna negoziatu nahi, «langileen estatutuarekin ordezkatu» baizik. Horri sektoreko langileen eskubideak «denboran 50 urte atzera» eramatea dela deritzo. Era berean, hitzarmenetik indarraldia luzatzen duen klausula kendu nahi izatea gaitzetsi dute Euskadiko CCOOtik. Hala eginez gero, langileek bereganatutako eskubide guztiak galduko lirateke, 2012a amaitu aurretik ituna berritu ezean.
Gipuzkoa «Euskadiko Txina» bilakatuta, lehiakorragoak izateko eta produktibitatea handitzeko helburuak ez dituela beteko,ohartarazi dio CCOOk Adegiri. Horren ordez, trebakuntzan, ikerketan eta berrikuntzan inbertitzeko aholkatu du.
Patronalari erantzun
Metalgintzako mahaia hilaren 16an bilduko da berriz. Ordurako, Adegik atzera egin eta proposamen «errealistak» plazaratzea espero duela esan du UGT-Euskadik, «Gipuzkoako lan itun garrantzitsuena negoziatzeko interesa badu». Hala ez bada, gainerako sindikatuei «beharrezkoak diren neurriak» hartzeko eskatuko diela ohartarazi dute UGTtik.
Horren harira, LABek ere aipatu du mobilizazioetara jotzeko aukera, «patronalari erantzuteko eta hitzarmen zuzena lortzeko beharrezkoak diren baliabideak» erabiliko dituela adierazi baitu.
Adegiren eskaintza
Lanaldia. Urtean 1.755 orduz lan egitea nahi du, lanaldia 58 ordu luzatuta. Egunerokoa 15 minutuan luzatzea dakar.Soldatak. Lanaldia luzatuta ere, soldatak bere hartan uztea proposatu du Adegik. Antzinatasun plusa ere kendu nahi du.
Kontratazioa. Lana antolatzeko erabateko askatasuna nahi du patronalak, kontratuak ABLEen bidez egin, azpikontratatu edota mutuak aukeratzea.
Malgutasuna. Aurreko itunak 65 orduko eskuragarritasuna zuen, eta orain 120koa nahi du. Horrez gain, egutegiak inposatzeko eskubidea izango luke.