Papergintza

Sindikatuek sei egunerako grebara deitu dute Gipuzkoako papergintzan

Adegiren jarrera "gogorra" salatu dute ELA, CCOO, LAB eta UGTk papergintzako lan itunerako negoziazioetan.

Adegiren jarrera "gogorra" salatu dute sindikatuek. BERRIA
Jon Fernandez.
2015eko azaroaren 17a
14:12
Entzun

Lau sindikatuek eta Gipuzkoako patronalak hamar hilabete daramatzate sektorerako lan hitzarmen berria adosteko negoziazioetan, baina ez aurrera ez atzera jarraitzen du prozesuak. Adegiren jarrera "gogorra" dela salatu dute ELA, CCOO, LAB eta UGTk: "Azken bileran lau sindikatuok gure proposamenen jaitsiera bat egin genuen, eta Adegik ez zuen fitxarik mugitu". 

Negoziazioen blokeoa salatzeko, datozen egunetan sindikatuek grebak egitea proposatuko dute papergintzako enpresetan egingo dituzten batzarretan. Deialdia sektore osorako da, eta zortzi eguneko epean sei greba egun egin nahi dituzte: azaroaren 27ko 06:00etatik azaroaren 29ko 22:00ak arte; abenduaren 1eko 06:00etatik abenduaren 2ko 06:00ak arte; eta abenduaren 3ko 06:00etatik abenduaren 4ko 22:00ak arte. "Hitzarmen honetan markatzen ditugun helburuen garrantzia sektoreko langileok ondo baloratzen jakin dezagula espero dugu. Azken hamarkadetan lortutakoa jokoan dago orain", dio lau sindikatuek sinatutako agiriak. 

Sindikatuen ustez, hitzarmen berriak batez ere bi puntu jaso beharko lituzke. Batetik, Adegik proposatutako soldata igoerak baino handiagoak nahi dituzte, eta soldata igoerak KPIari lotzea; KPIa negatiboa balitz, igoera duina bermatzen duten klausulak nahi dituzte langileen ordezkariek. Bestetik, blindajeak ziurtatu nahi dituzte. "Momentu hauetan, denok dakigu hitzarmenean, lan erreformaren gainetik, bere aplikazioa bermatzen duten testuak sartu behar ditugula", azaldu dute sindikatuek. Bi klausula mota erantsi nahi dituzte: probintzietako hitzarmenetan adostutakoa blindatzea, eta non-stop itunetan adostutakoa blindatzea —etenik gabeko lan jarraien gaineko itunak dira non-stop itunak—. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.