Lanuztea sektore publikoan

Sindikatuen arabera, 22.000 lagunek hartu dute parte Bilbo, Donostia eta Gasteizko manifestazioetan

Sindikatuak pozik agertu dira euren ustez lanuzte deialdiak jarraipen zabala izan duelako hainbat sektoretan. ELAk, LABek eta EILASek antolatu dute protesta, "murrizketak salatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzeko". Jaurlaritzak esan du deialdiak babes txikia izan duela.

2012ko otsailaren 9a
17:53
Entzun

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako sektore publikoan ELAk, LABek eta EILASek deitutako lau orduko lanuzteak jarraipen zabala izan du hainbat sektoretan eta sindikatuen arabera, guztira, 22.000 langilek hartu dute parte eguerdiko manifestazioetan; 7.000 lagun Donostian, 10.000 Bilbon eta 5.000 Gasteizen. Sindikatuak pozik dira mobilizazioek izan duten erantzunarekin eta lanean jarraituko dutela jakinarazi dute. 

Eusko Jaurlaritzak esan du deialdiak babes txikia izan duela eta zerbitzu publikoek "normal-normal" funtzionatu dutela. Jaurlaritzako egoitzetan lanuztearen jarraipena "%25 baino gutxiagokoa" izan da goizean, Jaurlaritzaren arabera.15:00etik 19:00era beste lanuzte bat egingo dute.

Osasun arloan erantzuna %5 baino gutxiagokoa dela azaldu du Jaurlaritzak. Hezkuntzan, berriz, erantzun handiagoa izan du, "%35 ingurukoa". Lanbide zerbitzuan, %8koa izan du.

EuskoTren eta EuskoTran zerbitzuetako zuzendaritzek jakinarazi dute zerbitzu minimoak bete dituztela goizean; 06:30ak eta 10:30ak arteko zerbitzuen txandak, hain zuzen. Ohiko zerbitzuen %49 eskaini dutela azaldu dute. Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako zerbitzuen inguruko informazioa da; konpainiaren tranbia, tren, autobus eta funikularrena. EITBn ere goizeko zerbitzu minimoak bete dituzte. 

100.000 langile inguru deitu dituzte ELA, LAB eta EILAS sindikatuek, "murrizketak salatzeko eta kalitatezko zerbitzu publikoak eskatzeko", eta ESK-k ere babestu du. CCOOk ez du bat egin grebarekin, baina zerbitzu publikoaren aldeko aldarrikapena egin du goizean Gasteizen, Eusko Jaurlaritzaren egoitzaren aurrean.

Jarraipena, sindikatuen arabera

Sindikatuek adierazi dutenez, herri eta Foru Administrazioan grebaren erantzuna oso zabala izan da. Udaletxeetako langileen erantzuna %80koa izan da, orotara. Hiriburuei dagokienez: Gasteizko Udalean %65, Donostiakoan %75 eta Bilbokoan %80.

Erabatekoa izan da lanuztea Tolosa, Zumarraga, Usurbil, Ordizia, Hernani, Andoain, Billabona, Urretxu, Legazpi, Arrasate, Bergara, Aretxabaleta, Mutriku, Deba, Azkoitia, Zarautz, Zestoa, Azpeitia, Zumaia, Lezo, Durango, Zornotza, Gernika, Bermeo, Lekeitio, Ondarru, Arrigorriaga, Laudio, Lemoa, Igorre, Zeanuri, Sopelana, Plentzia, Muskiz, Zierbana, Agurain, Dulantzi, Asparrena, Murgia eta beste hainbat herri txikiagotan.

%70tik gorako erantzuna izan da Basauri, Galdakao, Leioa, Erandio, Errenteria, Hondarribia, Eibar eta Ortuellan, eta %50 ingurukoa Portugalete eta Santurtzin.

Irakaskuntzari dagokionez ere greba oso zabala izan dela adierazi dute. Irakaskuntza publiko ez unibertsitarioan, Ikastoletan eta haurreskoletan % 70tik gorakoa izan da. Unibertsitatean ere jarraipen zabala izan du grebak. 

Osakidetzan azken urteotako mobilizaziorik handiena izan da eta lanuzte garrantzitsuak, halaber, Erakunde eta Enpresa Publikoetan. Metro, Eusko Tren, Tranbia, Neiker, Itsasmendikoi eta EITB bezalako enpresetan gutxiengo zerbitzuak bakarrik bete dira.

Osakidetza

11:00etatik 19:00etara dago deituta lanuztea. Ospitaleetan jaiegunetako lantaldea bermatuko du Jaurlaritzak, eta dialisi eta onkologiako tratamenduei eutsi egingo zaie. Lehen arretan, zentro bakoitzean mediku bat, etxez etxeko zerbitzua emango duen mediku bat, erizain bat, etxez etxeko zerbitzua emango duen erizain bat eta bezeroen zerbitzurako langile bat edo zelari bat izango dira. Larrialdi zerbitzuei oso-osorik eutsiko zaie.

Hezkuntza

11:00etatik 18:00etara dago deituta lanuztea, eta Euskal Herriko Unibertsitateari, eskola publikoei, Haurreskolak partzuergoari eta Musikeneri eragingo die. Ikasleei sarrera bermatu ahal izateko, langile batek joan beharko du gutxienez goizeko nahiz arratsaldeko txandan. Hasiera batean, Jaurlaritzak eutsi egin nahi zien gaurko azterketei. Kasu horietan, irakasle arduraduna lanera joango zela zioen gutxieneko zerbitzuen dekretuak, unibertsitatean nahiz hezkuntza ez-unibertsitarioan. Sindikatuek helegitea jarri zuten neurriaren aurka, eta Euskal Autonomia Erkidegoko Justizia Auzitegi Nagusiak arrazoia eman die. Unibertsitatez kanpoko zentroetan ez dagoela behar adina motibo esan du. 

Garraioa

Bilboko metroan 07:30etik 09:30era eta 17:30etik 19:30era dago deituta lanuztea —langile batzordeak beste protesta bat ere antolatu du, baina ez du loturarik sektore publikoko grebarekin—. EuskoTrenen 06:30etik 10:30era eta 17:30etik 21:30era izango da greba. Gasteizko Tuvisa autobus konpainian, berriz, 08:00etatik 12:00etara eta 16:00etatik 20:00etara dago deituta. Ohiko lanegunetako zerbitzuen %30 bermatuko dira guztietan. Zerbitzua lanuztea baino lehenago hasten den kasuan, amaierara arte jarraitu beharko du.

EITB

Bizkaiko ETBko langile batzordeak 08:00etatik 10:00etara eta 16:00etatik 18:00etara antolatu du greba; Gipuzkoakoak, 12:45etik 14:45era eta 15:00etatik 17:00etara; eta Euskadi Irratiko langile batzordeak 08:00etatik 10:00etara eta 16:00etatik 18:00etara. Informazio zerbitzuei ohiko ordutegian eutsi beharko zaiela erabaki du Jaurlaritzak. ELAk salatu du ETBko zuzendaritza langileak nahastu nahian aritu dela, eta gogorarazi du azken bietan zigorra jaso duela greba eskubidea urratzeagatik.

Geriatrikoak eta eguneko zentroak

Langileen erdiek joan beharko dute, eta janorduetan, %60k. Posturen batean langile bakarra aritzen bada, ezingo du greba egin. Era berean, eutsi egingo zaio mendekotasunen bat duten pertsonen garraioari. Neurri horren kontra helegitea jarri zuten sindikatuek, baina epaileak ez du onartu, garraiorik ezean arretarik gabe geratuko liratekeela iritzita. Adingabeen zentroetan jaiegunetako langile kopurua izango da. 

Larrialdietarako arreta

Jaiegunetako lantaldea bermatuko da SOS Deiak-en, suhiltzaileetan, errepideko mantentze lanetan, zirkulazioaren kudeaketa zentroan eta barne saileko informatika eta komunikazio arloan.

Bestelakoak

Hilerrietan, ehorzketa eta errausketa zerbitzuak egin egingo dira bestelako aukerarik ez dagoenean. Argindar, gas eta ur ekoizpen eta hornidura zerbitzuetan jaiegunetako lantaldea bermatuko da. Gutxieneko zerbitzuak, ahal den heinean, grebarekin bat egin ez duten langileek eskainiko dituztela adierazi du Eusko Jaurlaritzak.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.