Sindikatuen arabera, "erantzun oso handia" ari da izaten Euskalteleko langileek gaurko deitua zuten greba deialdia. 550 langileetatik 350ek parte hartu dute gaur goizean enpresaren aurrean egindako elkarretaratzean, eta EALk eta CCOOk jakinarazi dute lantaldearen %80 dela gaur greban. "Lanera joan diren horietatik laurogei zuzendariak dira", adierazi dute. Euskaltelek ohar zehaztu duenez, ordea, %48ko jarraipena izan du deitutako lehen greba egunak. “Sindikatuek egindako kontzentrazioak langileak enpresara sartzea eragotzi du”, zehaztu dute enpresatik. Langile batzordeko kideen esanetan grebak eragin zuzena izango du Euskaltelek eskainiko dituen zerbitzuetan, baina enpresatik diote “normaltasun osoz” ari direla lanean.
Gaurtik asteazkenera bitartean, grebara deituta daude Euskalteleko langileak. Enpresak sistema unitate sailaren bi herenak azpikontratatu nahi dituela salatu nahi dute eta, hala eginez gero, berrogei lagun geratuko direla kalean. 07:00etatik 10:00etara elkarretaratzea egin ostean, 11:00etan manifestazioa egin dute Jesusen Bihotza plazatik Kutxabanken egoitzaraino, zerbitzuak kanporatzearen kontrako pankarta eskutan hartuta. Zerbitzuak kanporatuta langileak kaleratzen hasiko direlakoan daude sindikatuak. Enpresak bestelako jarrera erakutsi du, “enpleguen defentsan” lan egingo duela adieraziz, eta orain arte bezala enpresaren bideragarritasuna bermatzen saiatuko dela. Edozein modutan, datozen egunetarako hainbat protesta deitu dituzte langileek.
Javier de Blanco langile batzordeko buruaren esanetan, "datozen egunetan grebak izango duen jarraipena zenbatekoa izango den jakin gabe ere, garbi geratu da langileak ez daudela ados enpresak ezarri nahi dituen baldintzekin".
ELAk eta CCOOk greba egiteko asmoaren berri eman zutenean, enpresak "neurriz kanpokotzat" jo zuen langileen erantzuna, eta gaur ere hala adierazi du. Euskaltel "aliatu teknologiko" bat bilatzen ari da "lehiakideen aurrean enpresaren egoera sendotzeko". Aurki lotu nahi dute akordioa, besteak beste honako baldintza hauekin: "Enplegua eta lan baldintzak mantentzea, elkarlana egonkorra izatea (zazpi eta hamar urtekoa) eta Euskal Herrian geratzea".
Sindikatuek Kutxabanken bankarizazioari egotzi diote egoera honetara iritsi izana. Izan ere, iraganean hiru aurrezki kutxek zuten %60ko kapitala egungo %49,9ra jaitsi da. Hala ere, oraindik pisu handiena Kutxabankek dauka, eta horregatik dei zuzena egin die sindikatuek: "Errentagarriak diren zatiak bermatu behar ditu". 2013 urtea amaitzen denerako 50 milioi euroko irabaziak izango dituela aurreikusten du Euskaltelek.
Mario Fernandezen erantzuna
Langileek egoeraren aurrean erantzun dezala eskatu diote Kutxabanki, eta Mario Fernandez bertako presidenteak hala egin du. Esan duenez, Euskalteleko kudeaketa planean ez dago inolako “desinbertsio operaziorik”, bideragarritasun plan bat baizik. “Eta horrek ez du enpleguaren galerarik sortuko”. Hori lortzeko zerbitzuak kanpora eramatea beharrezkoa dela ikusiz gero, “mundu guztiak egiten duen zerbait” dela adierazi du Fernandezek.
Euskaltelek une honetan hiru “monstruori” aurre egin behar diela adierazi du, Vodafone, Telefonica eta France Telecom enpresei erreferentzia eginez. Horregatik, horiei aurre egiteko lehiakortasunean ahalik eta gehien hobetu behar duela adierazi du Kutxabankeko presidenteak.