Atzo bukatzekoa zen akordio bat lortzeko epea. Astero bildu dira azken bi hilabeteetan, baina oraino ez dira ados jarri, nahiz eta guztiak bat datozen legea zaharkitua dela eta atzoko bileran adostasunera hurbildu ziren. Negoziazioak apiril erdira arte luzatuko dira. Orduan ere akordiorik ez badute lortzen, Frantziako Gobernuak lege proiektu bat aurkeztuko du, sindikatuen errepresentatibitatea eta elkarrizketa soziala erreformatzeko. Uda baino lehen bideratu nahi du erreforma.
Lanari, enpleguari eta lanbide prestakuntzari lotutako erreforma oro egin baino lehen elkarrizketa soziala bultzatu nahi du Frantziako Gobernuak. Horretarako, negoziatuko duten sindikatuek langile gehienak ordezkatuko dituztela ziurtatu nahi du. Sindikatuek ere antzeko iritzia dute. Hauteskundeetan bozen erdiak baino gehiago ordezkatzen dituzten sindikatuek izenpetutako akordioek baizik ez lukete baliorik ukan behar, besteak beste CGT eta Solidaires sindikatuen iritziz.
Mapa sindikala anitz aldatu da mende erdi batez. Beste sindikatu batzuk sortu dira, eta gaur egun eragin handia dute, zenbait sektoretan bereziki. Solidaires, UNSA, FSU eta beste sindikatu batzuk, ordea, mobilizazioetan presentzia handia izanagatik, ez dira sindikatu errepresentatiboak. Beste batzuk hala dira, nahiz eta afiliatu gutxi ukan. Errepresentatibitate irizpideak berraztertzen ari dira aste hauetako negoziazioetan.
Sindikatu guztiek onartzen dute irizpideak berritu behar direla. Baina denek ez dituzte aldaketa berak egin nahi. Errepresentatibitaterik ez duten sindikatuek (Solidaires eta UNSA, adibidez) proposatzen dute lanbide hauteskundeetan hein batetik gorako emaitza lortu duten sindikatuek oraingo sindikatu errepresentatiboen eskubide eta baliabide berak ukan ditzaten. Halaber, sindikatu guztiek hauteskunde horietako lehen itzulian aurkezteko eskubidea eskatzen dute. Solidaires sindikatuak, enpresan eginen liratekeen hauteskundeez gain, Prud'hommes-etako hauteskundeetako emaitzak eta funtzio publikoko hauteskundeetakoak ere kontuan hartzeko eskatu du. Baina negoziazio hauetan ez dute parte hartzen, ez baitira, oraingoz, errepresentatiboak. Alta, sindikatu horiei atea irekitzea dago jokoan.
AZKEN UNEKO AKORDIOAK. CGT eta CFDT, bi sindikatu nagusiak, bat datoz proposamen horrekin. CFDTk itzuli bakarreko hauteskundeak proposatu ditu. Haatik, CFTCk orain arteko hauteskunde sistema berari eustea eskatzen du. Errepresentatiboak ez diren sindikatuek bigarren itzulian aurkezteko aukera baizik ez lukete. CFTCk eta CGCk beren etorkizuna zalantzan ikusten zuten, erreforma aurrera ateratzen bazen. Atzoko bileran garantia batzuk lortu zituzten, ordezkaritza bat lortu ahal izateko. CGCk ordezkaritza ukan lezake koadroen kolegioan lortutako emaitzekin bakarrik. Estatu osoko hauteskundeak antolatzea proposatzen du CFTCk. Gizarte Segurantzako ordezkariak hautatzeko hauteskundeak antola daitezen proposatzen du FO sindikatuak.
CFDTk espero du «negoziazio lotu batek sindikatuen porroskatzea eta sindikalismo instituzionala ekidin» ditzakeela. «Langileen %8 badira sindikatuetako afiliatu eta zortzi sindikatu onartzen baditugu, porrota izanen da», erran zuen atzo Francois Chereque CFDTko idazkari nagusiak. CFTCk sindikatuetan sartzen diren langileentzat zenbait abantaila konbentzional ematea proposatzen du.
SInDIKaTuen errePresenTaTIBITaTea
Bost baldintza
Frantziako sindikatuen errepresentatibitatea finkatu zuen legea 1950eko otsailaren 11koa da. Bost irizpideren inguruan finkatu zuten zein izanen ziren errepresentatibitatea duten sindikatuak. 1948ko martxoaren 8an osatu zen lehen zerrenda. CFT, FO, CFTC eta CGC ziren orduko sindikatuak. 1966ko erabaki baten bidez, CFDT sindikatua ere sartu zen zerrenda horretan. CFDT 1964an sortu zen, CFTCn gertatu bereizketatik landa. Sektore publikoan, aldiz, UNSA sindikatuari lekua onartu zitzaion 1996an. Errepresentatibitatea duten sindikatuek monopolioa daukate hainbat arlotan: haiek baizik ez dituzte negoziatu lan itunak; haiek baizik ezin dira aurkeztu enpresetako langile batzordeetako hauteskundeetako lehen itzulira; haiek baizik ezin dituzte grebak piztu enpresa publikoetan; haiek baizik ezin dituzte lanbide arteko negoziazioak egin.Sindikatuek bost baldintza bete behar dituzte errepresentatiboak izateko.
1. Independentzia. Nagusiarengandik edota alderdi politiko eta elkarteetatik independente izan behar dute.
2. Afiliatuak. Sindikatuetako afiliatuen kopurua apala izanik, adarretan edo enpresetan zuten afiliatu tasa hartu zen kontuan, zerrenda osatzeko.
3. Urte sariak. Afiliatuek sindikatuarekiko duten atxikimendu iraunkorraren froga gisa, ematen duten urte saria nolakoa den kontuan hartzen da. Urte sari horri so egiten zaio, bestalde, sindikatuak kudeaketa independentea ziurta dezakeela ikusteko.
4. Esperientzia. Sindikatuaren esperientzia eta antzinatasuna kontuan hartzen da.
5. Okupazioa. Bigarren Mundu Gerlan izan zuten «jarrera patriotikoa» kontuan hartu zen.
Lan merkatuaren erreforma onartu dute
Lan merkatuaren gaineko erreforma apirilaren 15etik 17ra aztertuko dute Frantziako diputatuek. Herenegun aurkeztua izan zen Ministroen Kontseiluan. CFDT, FO, CFTC eta CGC sindikatuek eta Medef, CGPME eta UPA patronalaren erakundeek adostu zuten testua. CGTk bakarrik bozkatu zuen kontra. Itun horren arabera, «lan kontratu mugagabea da oinarrizkoa». Horrez gain, langileen entsegu garaia bi hilabetekoa da beharginentzat, hiru hilabetekoa teknikarientzat eta laukoa arduradunentzat. Gaixotasun kalte-ordainak eskuratu ahal izateko enpresan iragan beharreko denbora hiru urtetik urte batera jaitsiko dute. Kanporaketetako kalte-ordainak jaso ahal izateko antzinatasuna bi urtetik bakarrera jaitsi dute. «Lan kontratu hauste adostua» ere onartu dute. Nagusiaren eta langilearen artean adostua litzateke. Misiorako lan kontratua ere sortuko da, 18 eta 36 hilabete artekoa.«Lege antidemokratikoa delako agertu dira aldatzearen alde»
Amaia Fontang LABeko kideaErrepresentatibitatea duten sindikatuek ez dutela «monopolioa galdu nahi» uste du. Baina CGT eta CFDT legea onartzera behartuak direla dio.
E. BidegAIN
Baiona
LABek Baiona Ttipian du egoitza. Errepresentatibitatea duten sindikatuek, ordea, egoitza tren geltoki ondoan dute, Lan Boltsan, guztiek eraikin berean. Frantziako sindikatuen gaineko araudiak LAB bezalakoak baztertzen ditu.
Errepresentatibitate legea dela-eta, LAB bezalako sindikatuak ez dira sindikatu errepresentatiboak. Horrek zer ondorio du zuentzat?
Ondorio handiak, bai sindikatua garatzeko, bai enpresetan sartzeko. Enpresetan sartzeko, hauteskundeetan aurkeztu behar da. Hauteskundeetako lehen itzulian errepresentatibitatea duten bost konfederazioak baizik ezin dira aurkeztu. Gu bigarren itzuliaren zain egon behar gara aurkeztu ahal izateko. Anitzetan ez da horrelakorik izaten, beste sindikatuek hartzen baitituzte leku guztiak. Batzuetan ahalegintzen gara gure adar sindikala Herriko Etxean deklaratzera, nagusiari eta Lan Zuzendaritzari ofizializatzeko. Hori egiteko ere ezartzen dizkigute trabak, bai nagusiek, bai beste sindikatuek, ez baikaituzte onartzen.
Zer traba ezartzen dizuete?
Auzitegian salaketa ezartzen dute, erranez ez dugula errepresentatibitaterik. Lantegi batean bospasei afiliatu dituen adar sindikal bat baldin badugu, auzitegiaren aitzinean frogatu behar izaten dugu errepresentatibitatea dugula. Hori ere zaila da. Hori frogatzeko, erakutsi behar dugu lan bat egiten dugula enpresan langileen alde. Nola eginen dugu lan bat, ez bagara hautatuak eta ez badugu ordezkaririk? Ez badugu ordezkaririk, adar bat sor dezakegu, baina besteek ez bagaituzte uzten sortzen, honek ez du aterabiderik. Bidegabekeria eta paradoxa handia da.
Beste sindikatuek zuengan duten jarrera berezia da LAB zaretelako ala jarrera bertsua dute errepresentatibitaterik ez duten beste sindikatuei begira ere?
Biak badira. Sindikatu anitzi gertatzen zaie hori; besteak beste, Sud sindikatuari eta Korsikako Langileen Sindikatuari (STC), nahiz eta Korsikako lehen sindikatua izan. Beste konfederazioek ez dute onartzen beren monopolioa galtzea. Gero, bada LABi buruzko jarrera bat. Batzuek segitzen dute pentsatzen ez garela sindikatu bat eta bidea trabatu behar zaigula. Erran behar da gero eta gutxiago direla. Gaur egun, lortu dugu gure lekua hartzea panorama sindikalean. Jendeak gero eta gehiago onartzen gaitu. Enpresa batzuetan, beste sindikatuetako langile eta afiliatuen partetik, portaera ona dugu. Konfederakuntzetako langileekin akordioak egin izan ditugu haien zerrendetan gure kide batzuk sartzeko. Ordezkaririk ezin lortu izanak arazoak sortzen dizkigu afiliatuak lortzeko ere. Enpresa batean afiliatuak lortzen dira, baldin eta ekintzak egiten baditugu eta erakusten badugu zer egiten dugun, zer lortzen dugun.
Nola egiten duzue, orduan?
Ahoz ahoko lanaren bidez lortu behar ditugu afiliatuak. Egiten dugun lan juridikoaren bidez ere lortzen dugu geure burua ezagutaraztea; eta jendea horri esker etortzen da guregana, bere enpresan zerbait egin nahi baitu.
Sindikatuen manifestazio nagusietan ikusten da ez duzuela lekurik beste sindikatuen ondoan eta beti azken lerroan ezartzen zaituztela. Errepresentatiboak bazinate, desberdina litzateke?
Solidaires sindikatua, adibidez, batzuetan intersindikalean onartua da. Frantses estatuan onartua bada, hemen ere behartuak dira onartzera. Batzuetan Solidaires intersindikalaren pankartan agertzen da; beste batzuetan ez. Pentsa daiteke errepresentatibitate legearekin zerbait alda daitekeela, baina ez da bakarrik hori. Oraindik badira LABi buruzko aurreiritziak eta aparatuen blokeatze bat. Oinarriko sindikalistekin ez da arazorik, baina sindikatu batzuetako arduradunekin arazoak baditugu. Sindikatu horiek oraino dute buruan duela zenbait urte espainiar eta frantses sindikatu batzuek sinatu zuten akordioa, LAB haiekin ez onartzeko. Akordio hori sindikatu bakarrak aplikatzen du orain.
Orain bilerak badira Frantziako Gobernuaren eta sindikatuen artean, errepresentatibitatearen lege hori moldatzeko. Baina sindikatu errepresentatiboak ari dira negoziatzen. Ez da paradoxa bat? Nola lortuko dute errepresentatiboak ez diren sindikatuek beren eskubideak defendatzea, ez badira negoziazio horietan?
Bigarren oztopoa hori da. Akordioak sinatzeko, errepresentatiboa izan behar da. Ikusi dugu burdinbideetako azken gatazkan, Sud Rail berehala baztertua izan zela negoziaziotik. Korsikan, STCk ezin du negoziatu Korsikatik kanpo. Lege horrek hori baldintzatzen du. Bada legearen arazoa, eta bada lurraldetasunarena. Gu Euskal Herriko sindikatua gara. Gure borroka izanen da onarraraztea frantses estatuan sinatuko diren akordioek gure eremuan eragina baldin badute guk ere parte hartu behar dugula. Baina borroka hori gerorako da.
Zer espero daiteke lege aldaketatik?
Izan daiteke errepresentatibitatea afiliatu kopuruaren arabera finkatzea, eta kasu horretan batzuk gaizki leudeke. CFTCk oso afiliatu gutxi dauka; alta, errepresentatibitatea badu. Ipar Euskal Herrian, LABek baino kide gutxiago dauzka. Baina enpresa batean sartzen ahal dira. Errepresentatibitatea neurtzen ahal da hauteskundeetako emaitzen aldetik ere. Hirugarren aukera da sindikatu guztiak maila berean ezartzea eta denei ematea akordioak egiteko eskubidea. Baina hori ez da gaurko.
Negoziatzen ari diren bost sindikatuek zer interes dute beste sindikatuak integratzeko?
Hori da paradoxa. Besteentzat ari dira negoziatzen. Alde batetik erraten dute legea aldatu nahi dutela. CGT eta CFDT alde agertu dira. Baina lege hori antidemokratikoa dela badakitelako egiten dute hori. Beste herrietako sindikatuek diote eredu hori ez dela onargarria. Beraz, CGTk eta CFDTk legea aldatzea onartzen dute. Horrek ez du kentzen, praktikan, boterea galduko dutela. Galduko dute, baina beste sindikatuekin lan egiteko aukera ukanen dute. Funtsean, langileei hitza ematea da zuzenena.
Errepresentatibitatea duen sindikatua izanez, sindikatuen egoitza den Lan Boltsan lokal bat ukan dezakezue? Ala hori ez da gehiago zuen helburua?
Lehentasun bat zen lehen. Jean Grenet Baionako auzapezari eskatu genion toki bat egin ziezagun Baionako Lan Boltsan. Baztertuak ziren beste sindikatuekin batera egin genuen eskaera. Baina ez gintuen onartu, erranez ez zela behartua guri zerbaiten ematera. Erran zigun ez zuela guri egoitza baten emateko eskubiderik. Hori ez da egia, Hendaian lortu genuelako. Orain, egoera horretara egokitu gara; gure egoitza badugu. Nahiz eta ez den lehentasun bat, justiziaren izenean, toki bat eskatzen dugu Lan Boltsan. Beste sindikatuek ez gaituzte laguntzen.