SNCFn gidariak kentzeak kamioi trafikoa ugarituko duela salatu dute

Negoziazioa irekitzea galdegin diote trenbideetako langileek Gobernuari, grebako zortzigarren egunean

Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2010eko apirilaren 14a
00:00
Entzun
SNCF tren konpainian diren lan postu murrizketak eta «bidean den pribatizazioa» salatzeko, zortzigarren greba eguna dute langileek gaur. Mobilizazioak astebete iraun duenez, «benetako negoziazioen» irekidura eskatu diote Sud eta CGT sindikatuek zuzendaritzari. Eskaera hori aurkezten duen mozioa eman zioten atzo Baionako suprefetari, eta Frantziako Gobernuari pasaraz dezan galdegin zioten. Hala egingo duela agindu zien suprefetak grebalariei.

Delegazioa bileran zegoela, 150 bat lagun elkartu ziren suprefetura aitzinean. CGT eta Sud sindikatuez gain, LABeko ordezkariakere han izan ziren. Sindikatu abertzaleak dioenez, SNCFk egin duen «salgaien garraioaren erreforma hondagarriarekin», enpresa pribatuek dute orain arteko zerbitzu publikoa segurtatuko. Konkurrentziari irekitze prozesua bidaiari garraioari zabalduko dela uste du. «Salgaien garraioa laborategi bat da; hor probatu eta denei hedatuko diete liberalizazioa», uste du Geronimo Prieto LABeko bozeramaile eta tren gidariak.

Horrez gain, SNCFk «segurtasunaz axola gutxiago duten enpresa pribatuei dei eginez», erabiltzaileak lanjerrean ezartzen dituela ohartarazi dute sindikatu guztiek.

Ingurumenean, ondorioak

«3.700 tren gidari gutxiago, 1,2 milioi kamioi gehiago» pankartarengibelean elkartuta zeuden langileak. Sindikatuek diote SNCFmerkantzia garraioaz desengaiatuz kamioi kopurua emendatuko dela eta hori «Grenelle jardunaldiaren aurka doala».

CADE eta Bizi ingurumenaren aldeko elkarteko kideak ere egon dira elkarretaratzean. Grebalariei sostengua adieraztera etorri da Mattin Ihidope Bizi elkarteko koordinatzailea, merkantzia garraioaz den gatazka «zabala delako, gizarte eredua hunkitzen duen gatazka bat delako».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.