Emakumea bazara eta lanean bazaude, doan ari zara beharrean urte amaierara bitartean. Zehazki, joan den azaroaren 2tik urte amaierara bitartean ari dira doan lanean emakumeak Europan. Hau da, urtean 59 egun egiten dute lan musu truk, edo, beste era batera esanda, urtean 59 egun gehiago lan egin beharko lukete gizonen pare kobratzeko. Europako Batasunean emakumeen orduko batez besteko soldata gizonena baino %16,3 txikiagoa dela esateko modu gordinago bat da. Desberdintasun hori salatzeko, Soldata Berdintasunerako Europako Eguna izendatu du aurten Europako Batasunak azaroaren 2a. Arrakalaren tamainari neurria jarri dio World Economic Forumen (WEF) azken txostenak, eta etsigarria da aurreikuspena: gaur egungo martxan, 118 urte beharko lirateke emakumeek gizonek besteko soldata izateko.
WEFek 2006an egin zuen munduan genero arrakala neurtzeko lehenengo azterketa, eta aurten hamargarren txostena egin du. «Herrialde bakar batek ere ez du lortu parekotasunik», ondorioztatu du erakundeak. Hamarkada batean 250 milioi emakume gehiago daude lan merkatuan, baina andreen gaur egungo batez besteko soldata zertxobait txikiagoa da gizonezkoek duela hamar urte zutena baino. 2006an emakumeen batez besteko urteko soldata 5.700 eurokoa zen munduan, eta gizonena 10.600 eurokoa; orain, berriz, 10.400 euro irabazten dute emakumeek, eta 19.300 gizonek.
Sexu arteko desberdintasunak neurtzeko, lau arlotako parekotasuna aztertzen du WEFek: osasuna, hezkuntza, parte hartze ekonomikoa eta ahalduntze politikoa. Zerrenda orokorrean lehena, parekotasuna gertuen duena, Islandia da. Atzetik, Norvegia, Finlandia eta Suedia ditu. Duela hamar urte bezala, iparraldeko herrialdeak dira zerrendan lehenengoak —haiek dituzte familien kontziliaziorako eta zaintzarako munduko politikarik aurreratuenak—. Bosgarren eta seigarren postuetan, berriz, Irlanda eta Ruanda daude. 145 herrialdeko zerrendako azken postuetan, berriz, Iran, Txad, Siria, Pakistan eta Yemen ageri dira.
Zer egin emakumeen eta gizonen arteko arrakala ezabatzeko? Hiru lan ildo nabarmendu ditu Saadia Zahidi WEFeko zuzendaritzako kide eta txostenaren egileak: diskriminazioa debekatzen duten legeak egitea; amatasun eta aitatasun baimenak, umeen zaintza eta zerga politika hobetzea; eta enpresei parekotasuna sustatzeko pizgarriak ematea. Nolanahi ere, eraldaketa etxean hasi behar delakoan dago Zahidi. «Lanaren banaketari buruzko kultura etxean bertan aldatzen hasten ez bagara, emakumeek beti izango dute gainean zama gehigarri hori».
Txostenean, azpimarratu dute lotura zuzena dagoela herrialde bateko sexu arrakalaren eta garapen ekonomikoaren artean. Hau da, WEFen arabera, ezinezkoa da herrialde batek daukan garapen ekonomiko potentzial osoa garatzea emakumeek eta gizonezkoek eskubide eta aukera berdintasunik ez badaukate. Sexuen arteko parekidetasuna ekonomikoki errentagarria dela ere adierazi dute txostenean, eta arrakala ezabatzeko eskatu diete WEFek aztertutako 145 herrialdeetako legegileei: «Lehiakortasun eta garapen potentzial handiena lortzeko, herrialde bakoitzak ahalegindu beharko luke sexu arteko berdintasuna lortzen; herrialde bakoitzak gizonek dituzten besteko eskubide, erantzukizun eta aukerak eman beharko lizkieke emakumeei».
OIT Lanaren Nazioarteko Erakundeak ere soldaten arteko desberdintasunean jarri zuen fokua iazko abenduan publiko egindako txostenean. Guztira, 38 herrialde aztertu zituen, eta ondorioztatu zuen emakumeek gizonek baino %4 eta %36 artean gutxiago kobratzen dutela. OITk azaldu zuen herrialde garatuen erdietan ia erabat desagertuko litzatekeela gizonen eta emakumeen arteko soldata tartea, sexuagatiko diskriminazioa ezabatuz gero. Are gehiago: diskriminaziorik ez balego, Europako, Errusiako eta Brasilgo emakumeek gizonek baino gehiago kobratu behar luketela uste du OITk, esperientzia eta produktibitate handiagoa dutelako andrazkoek.
Pausoak emateko
Zerbait aurreratu da, baina ikaragarri dago egiteko parekotasuna lortzeko bidean. Hamar urtean, sexu arteko arrakala orokorra %4 txikitu da munduan: 109 herrialdetatik 104k hobetu dute egoera, eta bostek okertu —Jordaniak, Malik, Kroaziak, Eslovakiak eta Sri Lankak—. Azken hamarkadan zerrendan postu gehien igo duten bi herrialdeak Latinoamerikakoak dira: Bolivia 22. postura iritsi da, 65 postu aurreratuta, eta Nikaragua 12. postuan dago, 2006an baino 50 postu gorago.
Gaur egun, adibidez, 68 herrialdetan emakume gehiago daude mediku, irakasle eta legegile postuetan gizonak baino, baina arazoa goi postuetan dago: gizonezkoak dira nagusi. Soilik Kolonbian, Fijin eta Filipinetan daude emakume gehiago lidergo postuetan enpresa, politika eta zerbitzu publikoen arloan.