Soldatak babestuko ditu ELAk, lan errenten banaketa zuzentzeko

EAEko langile bakoitzak 3.256 euro gehiago irabaziko lituzke urtean lan errenten egungo banaketa 1993koa izango balitz

Mikel Carramiñana.
2008ko urriaren 21a
00:00
Entzun
Krisialdi garaian eta hazkunde ekonomikoa ematen denean enpresaburuek eta administrazioek aberastasunaren banaketaren gaia «ezkutatu egiten» dutela uste du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiaren ondokoak. Hegoaldeko langileen soldatek 2007an zuten BPGren parte-hartzearen berri eman zuen atzo sindikatuak, eta 1993. urteko portzentajearekin alderatu zuen. Emaitzek agerian uzten dute aberastasunaren banaketa gero eta «bidegabe eta desberdinagoa» dela, Mikel Noval Ikerketa Bulegoko arduradunaren esanetan. Horregatik, ELAk bere «esku dagoen guztia» egingo du krisiak soldatetan kalteak eragin ez ditzan.

Eustat EAEko Estatistika Erakundearen azken datuak baliatuta, 2006tik 2007ra bitarte, soldatapeko langileen ordaina BPGren%48,22 izatetik %48,26 izatera igaro da, %0,04ko hazkundea izan dute, hartara, soldatek aberastasunaren banaketan. Ustiapeneko soberakin gordinak, enpresaburuei eta kapitalaren errentari dagozkionak, berriz, %40,58tik %40,88ra igo dira, %0,3ko hazkundearekin.

Novalen hitzetan, «langileen kalterako banaketa errepikatzen den beste urte bat»besterik ez da, izan ere, EAEko lan errenten banaketan lau puntuko galera izan dute langileek, 1993etik 2007ra, enpresaburuen mozkinak 2,1 handitu ziren bitartean.

Nafarroan ere

Epe laburragoa aztertu arren, Nafarroako lan errentaren banaketaren bilakaerak ere kalteak eragin ditu langileengan. Duela zortzi urte, BPGren %47 osatzen zuten langileen soldatek, eta, iaz, berriz, %44,7 besterik ez zen. Lan errentatik enpresaburuek izandako mozkinek, aldiz, %43tik %43,3ra igo dira. Langileen eta kapitalaren aldea, beraz, lau puntutik 1,4 puntura jaitsi da azken zortzi urteetan. EAEko aldea 1993tik 2007ra, %13,6tik %7,4ra erori da, «kapitaletik bizi direnen mesederako», Novalen iritziz.

ELAren ikerketak, bestetik, atzera jo du 1993. urteko lan errenten banaketa gaur egunera ekartzeko. Egungo BPGren hazkundeari EAEko langileek zuten parte-hartzea gaurkotuz gero, 2.637 milioi euro gehiago irabaziko lituzkete langile guztiek urtero, 3.256 euro langile bakoitzeko.

«Opariak enpresaburuei»

Euskal Herrian ez ezik, aberastasunaren banaketa langileek galtzea mundu osoan zabaltzen den joera ere dela ohartarazi zuen Muñozek, eta, bilakaera horretan, kapitala «politikaren eskutik» joan dela salatu zuen. Euskal erakundeei buruz, «gure neoliberalek hamar puntutik hamar» lortu dituztela esan zuen, eta zerga politikarirekin gertatzen ari dena, «enpresaburuei dirua oparitu nahi izatea lotsagabea eta eskanduzkoa» dela esan zuen.

Krisiari aurre egiteko erabilitako neurriak gaitzetsi zituen, bestetik, ELAko idazkari nagusiaren ondokoak: «Betikoa egin nahi dute: prekarietatea handitu, pribatizazioak areagotu eta enpresei zergak gutxitu». Ildo beretik, ogasunek diru gutxiago bildu dutela esan eta, aldi berean, enpresaburuei zergak kendu behar dietela babestea kontraesana dela esan zuen: «Gainera, enpresen erdiek ez dute ezer ordaintzen, etekinak aitortzen ez dituztelako».

Azkenik, krisialdiaren errua soldatei leporatzea «onartezina» iritzi zion Muñozek, emandako datuekin, lan errentak gutxitu egin direla frogatu dutelako.



Enpresaburuei dirua oparitu nahi izatea lotsagabea eta eskandaluzkoa da»

«ELAk bere esku dagoen guztia egingo du krisiak langileen soldatetan kalteak eragin ez ditzan»

aldofo muñoz
ELAko idazkari nagusiaren ondokoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.