Euskal Herriko metaleko enpresetako langileak «oso egoera gogorrean» daude. Eta egoera horretan egokituko zaio ELAri sektore horretako federazioaren kongresua egitea. «Erregulazioak eta kaleratzeak» direla eta «negoziazio kolektiboa» zapuzteko saiakerak gogorrak direla esan zuen Unai Martinezek, Metala federazioko idazkari nagusiak, atzo, Bilbon eginiko agerraldian.
Egoera zaila izanda ere, ELA «borrokan tinko» jarraitzeko prest dagoela iragarri zuen Martinezek, eta, horregatik, KPIaren gaineko soldata igoerak eskatuko dituzte: «Kontsumoa berpizteko ezin egokiagoa da langileen erosteko ahalmena handitzea». Langabeziak «etengabe» gora egiten duela eta, lanaldiak murrizteari «inoiz baino beharrezkoagoa» iritzi zion.
Osteguneko kongresuan aurkeztu beharreko bi txostenen ildo nagusiak aurreratu zituen metal arloko buruak. Lehenengoan, krisialdiaren aurretik ere «metaleko langile asko krisian zeudela» gogoraraziko dute. Izan ere, sektorean «prekarietatea eta azpikontratazioa dira nagusi». Gainera, mila eurora heltzen ez diren soldata asko daudela nabarmendu zuen.
Metaleko langileak, hartara, «egiturazko krisian aspalditik» daudela berretsi zuen Martinezek, eta ideia horren harira aipatu zuen bigarren txostena. Langileak eta patronala itsasontzi berean daudela «faltsua» dela azalduko die sindikatuko ordezkariei: «Langileak erreskatatzeko planik ez dago, banku eta enpresekin bezala».
ELAren metaleko idazkari nagusiarentzat, enpresaburuak «erasoaldian» daude, eta, horri erantzuteko, sindikatuak «erregulazioen aurka irmo» egin eta «lan hitzarmenetan atzerapausorik ez» duela emango ziurtatu zuen.
Enplegua erregulatzeko espedienteei dagokienez, bestalde, bere kezka azaldu zuen Martinezek: «Irailetik urrira erregulazioen kopurua igo da, eta gero eta gehiago dira langileak kaleratzeko». Enpresentzat dosierrak aurkezteak kosturik ez duela, eta, ondorioz, askok «ez hanka ez bururik» ez dutela salatu zuen. Patronalari, halaber, kontraesanetan erortzea leporatu zion: «Erregulazioen bidez lanaldiak murrizten dituzte, eta, aldi berean, lan hitzarmenetan lan orduak handitzeko eskatzen dute».
ELAko ordezkariaren ustez, Gasteizko eta Iruñeko gobernuek ezin dute onartu hainbeste herritar kaleratzea, eta, horregatik, «erregulazioak automatikoki onartzeari uzteko» eskatu zien.
Afiliatu eta ordezkari gehiago
Unai Martinezekin batera, ELAko Metala federazioko antolakuntza idazkari Itziar Larrazabalek hartu zuen parte atzoko agerraldian. Barakaldoko BEC erakustazokan etzi egingo duten VIII. kongresuaren nondik norakoak azaldu zituen Larrazabalek. Hasteko, lau urteko kudeaketa txostenak emandako bi datu nabarmendu zituen, afiliazioarena eta ordezkaritzarena. ELA Metalak 31.680 bazkide ditu Hego Euskal Herrian, eta ordezkarietan gora egin du, bai EAEn (%41,57) bai Nafarroan (%24,06).
Osteguneko kongresuan sindikatuko 208 ordezkarik eta ehun gonbidatu inguruk parte hartuko dutela gaineratu zuen antolakuntza idazkariak. Euskal Herriko sindikatuak ez ezik, LAB eta ESK, atzerrikoak ere gonbidatu ditu ELAk. Besteak beste, Frantziako, Belgikako, Alemaniako, Italiako eta Montenegroko ordezkariak izango dituzte.
Soldatak igo eta lanaldiak murriztu nahi ditu ELAk, krisiari aurre egiteko
ELAk 300 lagun bilduko ditu ostegunean Barakaldoko BEC erakustazokan Metala federazioaren VIII. kongresuan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu