Soldatak inflazioa baino gutxiago igo daitezkeela dio Lan Harremanen Kontseiluak

Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan langileen %68 berritu gabeko lan hitzarmenekin ari dira lanean

Miren Garate.
2010eko azaroaren 30a
00:00
Entzun
Negoziazio kolektiboa gerarazi du egoera ekonomikoak. Hori da Lan Harremanen Kontseiluak egindako txosten soziolaboralean ageri diren ideietako bat. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako datuak bildu ditu, hirugarren hiruhilekora artekoak. Haren arabera, langileen %68 epez pasatutako hitzarmenarekin ari dira lanean. Berritutakoetan, aurreko urteetan baino soldata igoera eta lanaldi murrizketa txikiagoak hitzartu dituzte.

Lan hitzarmenak

Urteko lehen bederatzi hilabeteetan 1.163 lan hitzarmen sinatu dira. 52.832 langileri eragiten diete, %8,2ri hain zuzen; beste %23,2k urtea hasterako sinatuta zeuzkaten; eta gainerakoak, %68,6, epez pasatutako itunekin ari dira. Irailera arteko datuak direnez, Gipuzkoako metalekoa eta beste hainbat kontuan hartu gabe daude.

Soldata igoerak

Batez beste %1,42ko soldata igoerak adostu dira aurtengo itunetan. Aurreko urteetan, maila horretatik dezente gora ibili dira. Iaz bertan, %2,62 igo ziren.Oraingoz, soldaten igoera inflazioarena baino handiagoa izan da. «Datozen hilabeteetan alderantziz ere gerta daiteke, 2010. urte osorako ditugun aurreikuspenen arabera, %1,7koa izan daitekeelako inflazioa», dio erakundeak.

Lanaldia

Lan hitzarmenen %14,6tan soilik hitzartu dute lanaldia murriztea. Batez beste, 0,62 ordu gutxiago lan egin beharko dute, urtean 1.703 ordu. Espainian hitzartutako itunak dituztenek 1.728 orduko lanaldia dute.

Enpleguaren egoera

Enplegua erregulatzeko espediente kopurua jaitsi egin da. 1.499 onartu dira, iaz baino %20 gutxiago. Horiek, gainera, iaz baino%45 langile gutxiagori eragin diete. Industrian aurkeztu da dosier gehien, hamarretik sei. Sektore horretan emakumeak baino askoz gehiago dira gizonezkoak, eta hori islatu da espedienteetan ere. Erregulazioan daudenen %81,5 gizonak dira.

Egoera ekonomikoa

Ekainetik irailera bitartean hazi egin da ekonomia, %0,6 hain zuzen. Europako Batasunean baino apalagoa izan da izan da igoera-%2,1-. Lan Harremanen Kontseiluaren arabera, epe motzean, igoera txikiak izango ditu barne produktu gordinak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.