Ekonomia

Soldatak murriztea onartu dute Kutxabankeko lehen hitzarmen kolektiboan

Zuzendaritzak eta CCOO, Vital, Pixkanaka eta ALEko langileen ordezkariek akordiorako oinarriak finkatu dituzte. Enpresak urtebetean eten egingo du borondatezko aurreikuspen sistemetara egiten duen ekarpena.

Miren Garate.
2013ko azaroaren 7a
15:40
Entzun

Langileen oniritzia falta da oraindik, baina Kutxabankeko zuzendaritzak eta CCOO, Grupo Independiente Vital (GIV), Pixkanaka-Kaskari eta ALEko langileen ordezkariek finkatu dituzten lehen lan hitzarmen kolektiborako oinarriak. Finantza erakundeak jakinarazi duenez, langileen ordezkaritzaren %76,9 dute lau talde horiek. Hitzarmenak lau urteko iraupena izango du, 2013tik hasi eta 2016ra arte. "langilegoaren gastuak murrizteko helburuarekin lerrokatzen da", esan du Kutxabankek.

Besteak beste aurten eta datorren urtean murriztu egingo dira soldatak, "baina erabaki horrek ez du eraginik izango langileriaren maila baxuetan". 2015erako %1,5eko soldata igoera adostu dute, eta 2016rako KPI adinakoa. Horrez gain, enpresak urtebetez eten egingo du borondatezko aurreikuspen sistemetara egiten duen ekarpena. Antzinatasunari era muga jarriko zaio. Trukean, gizarte gaietan "hobekuntza garrantzitsuak" egingo dituela agindu du finantza erakundeak, batik bat bizitza pertsonala eta lana bateragarri egiteko neurrietan.

Kutxabankek eskertu egin du langileen esfortzua, "merkatuaren eta bizi ditugun negozio baldintzekin bat datorrelako, epe luzean egitasmoaren arrakasta bermatzeko".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.