Ekonomia

Soldatei eusteko eta lanorduak luzatzeko gomendioa egin die Cebekek Bizkaiko enpresei

Sektoreko 48 hitzarmenetik 34 bertan behera geratu dira Bizkaian.

Lander Muñagorri Garmendia.
2014ko urtarrilaren 14a
18:46
Entzun

Iñaki Garcinuño Cebekeko presidenteak nabarmendu gura izan du Bizkaiko soldatak Espainiako altuenen artean daudela eta beharginek lanordu gutxien egiten dutenak direla. Eta egoera ekonomikoari aurre egiteko baldintza hori aldatzeko eskaera egin du. Patronaleko kideei bidali dien zirkular batean soldatak mantentzeko gomendioa egin die, baina horren ordainetan lanorduek gora egin behar dutela aholkatuta.

Amaitu den urteari begiratu dio patronaleko buruak, eta gogorarazi uztailaren 7an ultraaktibitatea amaitu ondoren ez zela sindikatu askok aurreikusten zuten baldintzen kaskartzerik egon. Are gehiago, enpresen %97an baldintzak mantentzen jarraitu direla nabarmendu gura izan du.

Hala ere, lan baldintzak arautzen dituzten hitzarmen ugari galdu dira Bizkaian. Une honetan zeuden 48 hitzarmen sektorialetatik 34 bertan behera geratu dira. Eta hori horrela izan dadin, sindikatuei egotzi die horren ardura. Batez ere, zenbait sektoretan gehiengoa duen ELAri. “Negoziazio kolektiboa enpresara eramatea ez da irtenbidea, ez daudelako prest halakorik egiteko”, esan du.

Sindikatuei eskaera egin die Bizkai, Gipuzkoa eta Arabako eremua aintzat hartuz sektore mailako edo sektore arteko hitzarmenak lortzeko. “XXI. mendeko lan harremana ezin da duela 30 urteko legeen barruan sartu”.

Adierazpen horiek 2014 urtean hazkundea berreskuratuko den testuinguruan egin ditu patronaleko buruak. 2013an BPGa %1,2ko txikitu zen, eta aurten %1eko hazkundea izatea aurreikusten du. Baina datu horrek ez du enplegurik sorraraziko, horretarako %1,5eko hazkundea beharko dela adierazi baitu. 2013 urtean, gainera, 10.000 lanpostu galdu zirela zenbatu du patronalak.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.