Azken boladan ez da ohikoa ELA sindikatuak eta Confebask patronalak ezertan bat egitea. Baina gaur ideia batean ados daudela esan du Adolfo Muñoz ELAko idazkari nagusiak. “Patronal eta gobernuek diote soldatak jaisten enplegua denfendatzen dela. Ez da horrela, eta guk argi esan nahi dugu ELA oztopo izango dela”. Soldatak defendatzeko kanpaina berri bat aurkeztu dute gaur goizean Bilbon, eta KPIaren hazkundetik gorako soldata igoerak defendatuko dituztela berretsi dute. Igoera zenbatekoa izango den ez dute zehaztu ordea, kasu bakoitzaren araberakoa izango da. Hasiera batean hilabete iraungo duen komunikazio kanpaina izango da, baina gehiago luzatuko dela jakitun dira sindikatuan. “Behar bezainbeste luzatuko da”, Muñozen arabera. Bideoa: Manu Robles Arangiz Fundazioaren hausnarketa.
[YouTube]http://youtu.be/FpSpZYWD19Y[/YouTube]
Hain zuzen ere, kanpaina horretan datu zehatzak nabarmendu dituzte. Esaterako, azken hiru urteetan KPI metatua %8,3koa izan da, EAEn lan kostuak %3,6, eta Nafarroan %0,6 igo diren bitartean. Eta horrek ondorio argi bat uzten duela esan du Mikel Noval arlo sozialeko arduradunak. Erosteko ahalmenak 4,7 puntuko jaitsiera izan duela Araba, Bizkaia eta Gipuzkoan, eta 7,7koa Nafarroan. Horregatik, soldatak defendatzea ezinbesteko neurri gisa hartu du sindikatuak, horrek ere ekonomia errealean eragin zuzena duelako. Muñoz: “Soldata altuekin zerga gehiago ordaintzen da, eta horrek pentsio sistema, hezkuntza edo osasun alorrak bermatzen ditu”. Horregatik, soldaten jaitsieraren aurrean “oztopo” izateko ohorea daukatela esan du ordezkari sindikalak.