Negoziazio kolektiboa

Sordo: "ELAk gehiengoa daukan sektoreetan hitzarmenak desagertu egingo dira"

Euskadiko CCOOko idazkari nagusiak LABi eskaera egin dio sektoreko negoziazio kolektiboari eusteko.

Lander Muñagorri Garmendia.
2013ko urriaren 23a
17:13
Entzun

Unai Sordo Euskadiko CCOOko idazkari nagusia haserre mintzatu da. Haserre, urte amaieran milaka langile lan hitzarmenik gabe gera daitezkeelako eta horrek “eskubide galera orokor bat” ekar dezakeelako. Eta hori horrela izateko arduradun ezberdinak ikusten ditu: “Lan erreforma eta enpresariena da, baina langileek jakin behar dute sindikatu batzuen estrategiak ere eragina duela”. Eta, zehazki, sindikatu baten jarrera kritikatu du. “ELAk gehiengoa duen sektoreetan hitzarmenak desagertu egingo dira abenduaren 31n”, esan du. Horregatik, egoera horren aurrean sortuko litzatekeen segurtasunik ezaren eta enpresetako gatazkaren erantzule egin du ELA. “Oihaneko legea gailendu daiteke, baita enpresetan maila ezberdinak egotea ere”. Eta, horren ondorioz, enpresetan lan hitzarmenak “behetik” negoziatzen has daitezkeela ohartarazi du sindikatuko arduradunak.

Sektore mailako hitzarmen ugariren blokeoa, beraz, ELAren errua dela uste du Sordok, eta galdera ere egin dio sindikatu abertzaleari: “Zergatik eragozten du sektore mailako hitzarmena, eta ondoren enpresetan denak balio du, eta baldintza malguagoak dauzka?”. Ildo horretan negoziazio kolektiboaren esparruan gaiztotasun handia ikusten du, milaka langile hitzermenik gabe gera daitezkeelako, eta “negoziazio kolektiboa enpresa mailan pribatizatu” nahi duelako sindikatuak. “Era horretan, aukera daukan orok soilik eduki ahal izango du hitzarmenerako eskubidea”. Hau da, sindikalizatutako esparruetan, edo enpresa handietan.

Edozein modutan, Sordok argi esan du sindikatu baten helburu nagusia “langileak afiliatzea eta antolatzea” dela. Baina ELAren jarrerarekiko ezadotasuna azaldu du. “Sektore mailako negoziazio kolektiboa desagertu, eta eskubideen defentsa langileek afiliazio behartuaren bidez egitea oso ezberdina da”. Eta horixe da Sordok aipatu duen estrategia sindikal “gaiztoaren” asmoa.

Egoera horren aurrean, Euskadiko CCOOk elkartasunezko negoziazio kolektiboko eredua bultzatzen duela berretsi du, baita sektoreko hitzarmenak ere. Eta zentzu horretan LABentzako hitzak ere izan ditu Sordok. “Enpresetara joateak sektore mailako hitzarmenak galtzea adierazi nahi badu, orain arte sektorea lehertzen saiatu den estrategia sindikalari arrazoia ematea da”. Horregatik, elkartasuna berreskuratu, eta negoziazio kolektiboari eusteko deia egin dio. “Bi aukera dauzka LABek: euskal lan esparruaren antzekoa izan daitekeen edozer berreskuratzen saiatu, ala etsi eta sektore mailako hitzarmenak galtzen lagundu”.

Azkenik, patronalentzako hitzak ere gorde ditu arduradun sindikalak. Izan ere, enpresarien elkarteek ere bi aukera posible dituztela ohartarazi die. Batetik, lan harremanetarako esparru bat edukitzea, edo betela “bazar” bat nahiago duten aukeratzea. “Lan kostuak lurretik botatzearen aldeko eredu bat defendatu behar badute, herri honek oso gaizki pasatzeko prestatu beharko du”.

Metalaren ebazpenen zain

Gaur goizeko agerraldian Sordok garbi utzi nahi izan du Euskadiko CCOOk gehiengoa edo ordezkaritza altua duen sektoreetan hitzarmenen erdia baino gehiago berritu egin dela. Eta datozen egunetan “oso garrantzitsuak” diren hitzarmenei eutsi ahal izango zaiela ere esan du. Hain zuzen ere, Bizkaia eta Arabako metala eta irakaskuntza kontzertatua aipatu ditu. “Zalantzazko egoera legal” batean daudela onartu du, uztailaren 7an indarrean jarri zen lan erreformak hitzarmen horiek atzera botzeko aukera zegoelako, nahiz eta ultraaktibitate mugagabea aipatzen duen klausula eduki. Hau da, hitzarmen berririk sinatu ezean, aurrekoa etengabe indarrean egongo dela. Aste honetan bertan antzeko egoeran zegoen Bizkaiko arte grafikoen sektoreko hitzarmenak indarrean jarraitzen duela ebatzi du Bilboko laneko epaitegi batek, eta horrek jurisprudentzia ezarriko duela uste du Sordok.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.