Negoziazio kolektiboa «blokeatuta» egoteak «Euskadiko enpresak finantzatzen» dituela salatu du Unai Sordo CCOO sindikatuko idazkari nagusiak. Eta egoera horren erantzukizuna enpresaburuen elkarteei eta «zenbait sindikaturi» egotzi die. Adibide gisa, azaldu du zazpi urtez itunik gabe lan egiten duen langile batekin-hilean 1.500 euroko soldata gordina jasota eta KPIren urteko igoerak kontuan hartuta- 16.130 euro «aurrezten» dituela enpresak.
Sordok gogorarazi duenez, Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, 288.000 langile daude lan hitzarmenak berritu gabe, langile guztien %45 hain zuzen. Langileen %80, berriz, autonomia erkidego mailan sinatzen diren hitzarmenen eraginpean ei daude. Horiek horrela, hilaren 24an, negoziazio kolektiboa abiaraztea aldarrikatzeko Bilbon mobilizazioa egingo dutela iragarri du.
CCOOko idazkari nagusia kezkatuta azaldu da egungo egoeraren inguruan. «Hitzarmen kolektiboa jendearen artean aberastasuna banatzeko tresna izanik, ezinbestekoa da hitzarmen horiek berritzea, eta are gehiago krisi egoera batean». Hori egin ezean, lan esparruan gatazkak asko ugaritu litezkeela ohartarazi du, eta ekonomia krisian den garaian ez litzatekeela batere gomendagarria.
Bestalde, Sordok ez du adierazpenik egin nahi izan enpresetan eredu alemaniarra jartzearen inguruan, «ezer zehaztu aurretik espekulazioak egitea ez delako ona». Dena dela, sindikatuak eta patronala zerbaitetan ados jartzea zaila izango dela esan du, «elkarrengandik oso urrun daudelako».
Sordok dio enpresen mesederako dela negoziazioa geldituta egotea
Negoziazio kolektiboa abiarazteko eskatzeko, hilaren 24an mobilizazioa egingo dute Bilbon
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu