Grebara deitu dute Gipuzkoako hondartzetako sorosleek. Astelehenean egin zuten batzarra, eta, ikusita urte osoan euren lan baldintzak hobetzeko egindako esfortzuak ez duela etekinik eman, uztailaren 29an, 30ean eta 31n greba egitea erabaki zuten. 115 bat sorosle aritzen dira Gipuzkoan, eta, aurten, Gurutze Gorriak kudeatzen ditu hondartza guztietako zerbitzuak, tokian tokiko udalak azpikontratatuta. "Profesionaltasuna eskatzen digute, eta hala gara; eta, gainera, argi daukagu zerbitzu honek profesionala izan behar duela; baina, gero, ez gaituzte profesional gisa hartzen, eta ez digute profesionaltasunik aitortzen", adierazi du Mikel Ianzi sorosleak. Zurriolako hondartzako sorosle arduradunetako bat da, eta zortzigarren urtea du lan horretan.
Sorosleen artean ez da berria lan baldintzen inguruko kezka, baina antolatu gabeko lan arlo bat izan da beti. Urtean lau hilabetez kontratatzen dituzte, eta irailean, kalera; ordezkaririk ere ez dute Gurutze Gorriko langile batzordean. "Iazko udan aritu ginen Gurutze Gorriko langile batzordearekin hizketan, baina erantzuna ez zen ona izan; haientzat gu ez gara ezer", azaldu du Jon Ibargurenek. Laugarren urtea du Ibargurenek sorosle gisa, eta Kontxako hondartzan dago aurten. "Berez, Mikel eta biok Zurriolako arduradun ginen iaz; baina, aurten, ikusita gauzak mugitzen ari zen talde horretan geundela, banandu egin gaituzte. Ez dute aitortuko, baina hala da".
Greba, irtenbide bakarra
Babes bila ELA sindikatura jo zuten sorosleek, irailean, eta sindikatuak itxaroteko aholkatu zien; hobe zela neguan gaia sakon aztertu eta lantzea, akordioa lortzen saiatzea, eta, lortu ezean, auzia publiko egin eta pausoak ematea. Puntu horretara iritsi dira, eta, sorosleek diotenez, ez dute greba egitea beste irtenbiderik ikusten.
Gurutze Gorriko arduradunekin urtarrilean egin zuten bilera. "Mahai gainean jarri genien gure planteamendua, eta entzun gintuzten, baina hautaketa probak egin arte ez zen erantzunik izan". Hobekuntza txikiren bat badela aitortu dute bi sorosleek, baina eurek eskatutakora hurbildu ere ez dira egiten. "Azaldu behar da, hala ere, Gurutze Gorriak zerbitzu hau eskaintzeagatik ez duela mozkinik ateratzen; gastuak estaltzeko ematen dio justu. Beraz, udalek langileen baldintzak pleguetan zehaztea eta diru gehiago jartzea da sorosleek eskatzen dituzten hobekuntzak lortzeko modu bakarra", gehitu du Maddi Aspiazu ELA sindikatuko ordezkariak.
Uda baino lehen Donostiako Udalarekin ere egin zuten bilera sorosleek. "Eta hitz egin genuen, eta entzun gintuzten, baina hortik aurrera… Esan ziguten beraiek ez zekitela ezer", dio Ibargurenek. Aspiazuk, baina, esan du udalek badutela lan baldintzen berri: "Gurutze Gorriak, urtero-urtero, uda sasoia amaitzean, memoria bat aurkezten du, eta hor jasota daude langileen baldintzak. Ezin dute esan ez dakitenik".
"Udal batek jakin beharko luke berak azpikontratatzen dituen zerbitzu bateko langileak zein baldintzatan ari diren lanean; eta pleguetan gutxieneko batzuk ere zehaztu beharko lituzke, langileen baldintzei dagokienez", aldarrikatu du Ibargurenek. Kasu honetan, azpikontratekin beste askotan gertatzen den gauza bera gertatzen dela azaldu du Aspiazuk: "Betikoa: udalak zerbitzu bat kontratatzen du, ahalik eta merkeen, noski, eta gero ez die jaramonik egiten langileen baldintzei. Noski, langileak kexatzen direnean, esaten dute ez zekitela ezer. Baina eurena da ardura".
Irakurri artikulu osoa Gipuzkoako Hitza-n.