Araba, Bizkai eta Gipuzkoako enpresek bihartik aurrera eskatu ahal izango dituzte atzerriko presentzia indartzeko diru laguntzak. Eusko Jaurlaritzako Ekonomia Garapen eta Azpiegitura Sailak ematen ditu, SPRI taldearen bidez. Guztira bi milioi euro banatuko ditu Zabaldu eta Sakondu programen bidez, eta enpresek ez dute itzuli beharko jasotzen duten dirua.
Zabaldu programa bereziki zuzenduta dago hedatzen ari diren eta 2019ko fakturazio osoaren %50etik beherako jarduera esportatzailea duten enpresei. Laguntzak gehienez 45.000 eurokoak izango dira.
Sakondu programan izena eman behar dute fakturazio osoaren % 50 baino gehiago esportatzen dutenek. Gehienez 40.000 euro jasoko dute, eta 45.000 baldin eta eskaera kluster baten bitartez egiten badute.
Eskaerak aurkezteko epea ostiral honetan hasiko da, eta urriaren 30ean bukatuko da.