Strauss-Kahnen kontrako bortxaketa salaketa bertan behera utzi dute

Fiskalak dio «presazko» sexu harremana izan zela, baina ezin duela frogatu behartua eta adostu gabea izan zenik

jakes goikoetxea
2011ko abuztuaren 24a
00:00
Entzun
Michael J. Obus Manhattango Auzitegi Goreneko epaileak bertan behera utzi ditu Dominique Strauss-Kahn Nazioarteko Diru Funtseko (NDF) zuzendari nagusi ohiaren kontrako kargu guztiak, tartean sexu erasoa eta bortxaketa saiakera. Hala ere, Strauss-Kahn oraindik ezingo da Frantziara itzuli, akusazioak abiatutako apelazio prozesu bat amaitu arte.

Epaileak aintzat hartu du fiskalaren eskaera. Fiskalak akusazio guztiak bertan behera uzteko eskatu zion herenegun, ezin zuelako frogatu maiatzaren 14an Strauss-Kahnek Nafissatou Diallo New Yorkeko Sofitel hoteleko langilea bortxatu zuela.

Strauss-Kahnek eta Diallok sexu harremanak izan zituzten Sofitel hoteleko 2806 suitean, Diallo gela garbitzera sartu eta gero. Strauss-Kahnek esan zuen bien borondatez izan zela; Diallok, aldiz, salatu zuen bortxatu egin zuela, aho sexua egitera behartu zuela eta alua bortizki ukitu ziola. Strauss-Kahnen hazia aurkitu zuten Dialloren laneko arropan eta suiteko alfonbran.

Fiskalak dio sexu harreman hori behartua eta Dialloren onespenik gabea izan zela erakusteko froga bakarra dagoela, Dialloren beraren testigantza. Baietz, sexu harremana «presazkoa» izan zela, baina frogek bakarrik ez dutela erakusten behartua eta adostu gabea izan zenik. 12:06ak eta 12:26ak artean gertatu zen guztia, eta 12:13an Strauss-Kahnek alabari deitu zion.

Strauss-Kahnen hazia aurkitu dute suiteko alfonbran eta Dialloren arropan. Baita Strauss-Kahnen DNA Dialloren pantietan ere. Salaketa egin ostean osasun azterketa egin zioten Diallori. Ez zuen zauririk ahoan. Alua «gorrituta» zuen, baina ezin izan zuten ziurtatu ustezko erasoaren ondorioz zenik. Pantiek zenbait zulo zituzten, baina ezin izan zuten zehaztu arrazoia.

Fiskalak auzitan jarri du Dialloren sinesgarritasuna, gezurrak esan dituelako eta bertsioak aldatu dituelako. Hala ere, fiskalak berak onartu du gezur gehienak Dialloren iraganari buruzkoak direla, ez ustezko bortxaketa saiakerari buruzkoak. Fiskalak ez dio sinesten.

Diallok hiru aldiz aldatu du ustezko bortxaketaren ostean egin zuenari buruzko bertsioa; ez du aldatu, ordea, 2806 suitean gertatutakoari buruz esandakoa.

Strauss-Kahn pozik azaldu zen erabakia jakin ostean. Bi hilabete eta erdiko prozesua «amesgaiztoa» eta «bidegabea» izan dela esan zuen. Eskerrak eman zizkien senideei, eta auzitegiko langileen «ahalegina» eta «profesionaltasuna» goraipatu zituen.

Sozialistak, «lasaituta»

Akusazioen eta atxiloketaren ondorioz, Strauss-Kahn dimisioa ematera behartu zuten eta NDFko zuzendari nagusi kargua utzi zuen. Christine Lagarde Frantziako Finantza ministroa izendatu zuten NDF zuzendari nagusi.

Strauss-Kahn etxera, Frantziara, itzultzeko «amorratzen» dago. «Ahalik eta bizitza normalena» egin nahi du, baina bere etorkizun politikoa argitzeke dago. Inkesten arabera, bera zen sozialisten hautagai sendoena 2012ko hauteskundeetan Nicolas Sarkozyri aurre egiteko.

Alderdi Sozialistako (PS) arduradunek «lasaitua» hartu dute, baina ez dute zehaztu PSren barruan ze etorkizun izan dezakeen. Martine Aubry PSko buruaren arabera, «oraindik baliagarria da Frantziarentzat, eta berak nahi duen moduan izango da». Sozialisten hautagai izateko garaiz dago, urriaren 9 eta 16 artean hautatuko baitute.

Frantziara bueltatzen bada, bortxaketa saiakera akusazio berri bati aurre egin beharko dio. Uztailaren 5ean aurkeztu zuen Tristane Banon idazle eta kazetariak, 2003ko usteko eraso batengatik.

Gainera, Dialloren abokatuek salaketa jarri dute Sarcelleseko alkatearen kontra —Strauss-Kahnen gertukoa—, ustez NDFko zuzendari nagusi ohiaren sexu eraso bat jasan zuen emakume bat erosten saiatzeagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.