Garrek Litutxipi industrialdeko gaztandegian eragindako galera ekonomikoak "oso handiak" izango direla uste dute Aldanondo korporazioan. Egunak beharko dituzte kalteak zenbatzeko; besteak beste, segurtasun arrazoiengatik bihar arte behintzat ezinezkoa izango delako lantegian sartzea. Dena den, Mikel Aldanondo zuzendari nagusiaren ustez, nahiko argi dago lantegia erabat suntsituta gelditu dela: "Makineria, fabrikazio gunea, biltegia... dena dago hondatuta". Gaztandegian, gainera, bi milioi kilo gazta zeuden.
Enpresaburuak argitu du langilerik ez zegoela sutea piztu denean —01:15ean—, "zorionez". Berrogeita hamar langile inguru ditu gaztandegiak. Lehen garrak, dirudienez, horretarako ezarritako sentsoreek atzeman dituzte, gaztak biltzeko plastiko eta abarrak gordetzen dituen biltegian. Alarmak ikusita, suhiltzaileak gaztandegira agertu dira, eta, azkenean, hainbat parketako 30 bat suhiltzaile jardun dira sua kontrolpean hartzeko lanetan, baita garrak ondoko pintura fabrikara iristea eragozten ere. Sute handiak gaztandegiaren bi heren suntsitu ditu, eta, Mikel Aldanondoren arabera, bulegoen zati bat soilik libratu da garretatik. Eguerdiko hamabietan, oraindik ere garretan zeuden gaztak gordetzen dituzten ganberak, nahiz eta sutea kontrolatuta egon.
Aguraingo (Araba) gaztandegian egiten ditu gaztak Aldanondo Korporazioak, nahiz eta Quesos Aldanondok beste planta bat duen Olaberrian (Gipuzkoa), eta beste bat Galdakaon (Bizkaia). Berrogeita hamar urtetik gorako enpresa bat da, eta hainbat elikagai ekoitzi eta banatzen ditu, baina gaztengatik da ezaguna. Idiazabalgo gazta sor-markako ekoizlerik handiena da, eta, besteak beste, Erronkari, Arzua-Ulloa eta Tetilla gaztak ere egiten ditu.
Suak Aguraingo gaztandegian eragindako hondamenaren neurria ikusirik, Arabako Aldundia kezkatuta agertu da enpresaren eta enpresako 55 langileen etorkizunaz, eta egoerari aurre egiteko laguntza eskaini dio Aldanondo taldeari.