Mendi garaiak, erabilera askotarako labanak, gazta eta bezeroak nor diren eta kontuak isilpean gordetzen dakiten bankari zuhurrak. Horra orain arte Suitzaren nortasuna laburbiltzeko erabili diren ohiko topikoak. Baina horietatik azkena, banku-sekretua, desagertzeko bidean da, edo, zehatzago izateko, modu malguagoan erabiltzeko urratsak egiten hasi da Suitzako Gobernuak.
Auzia oso polemikoa da, norbanakoen pribatutasuna eskubide sakratua baita suitzarrentzat. Bankuak batzen dituen erakundearen arabera, atzerriko biztanleek 1,4 bilioi euro dituzte Europa erdiguneko estatu independente horretako kontuetan. Alta, krisi ekonomikoak berriro ere paradisu fiskalen aurkako kanpaina suspertu du, eta oraingo honetan ez dirudi Suitzak eta beste herrialde batzuek egoera ezer egin gabe gaindituko dutenik.
Alemaniak, Erresuma Batuak, eta AEBek zerga ihesen aurkako politikak indartzeko beharra azpimarratu dute, eta datorren apirilean G-20 taldeak egingo duen bileran, munduko ekonomia zulotik nola atera eztabaidatzeaz gain, paradisu fiskalen aurkako neurriak hartzea espero da. Horretarako, OCDEk ezarritako estandarrak betetzen ez dituzten herrialdeei presio egiten hasi dira. Haatik, OCDEk ukatu egin du arauak betetzen ez dituzten herrialdeen «zerrenda beltza» propio bilerarako prestatzen ari dela.
Jokaldiak dagoeneko emaitzak eman ditu. Andorra, Liechtenstein, Austria eta Luxenburgo- zerga araudi bigunak izatearen ohiko susmagarriak- OCDEren oinarriak beteko dituztela agindu dute. Suitzak, azkenik, gauza bera egingo zuela adierazi zuen joan den astean.
Gardentasun osoa, ez
Orain arte Suitzak izan duen jarrera ulertzeko komeni da legediak duen berezitasun erabakigarri bat kontuan hartzea. Herrialde horretan iruzur fiskala delitua da, eta, alor horretan, beste herrialdeei informazio zehatza emateko prest egon izan da. Baina, aldiz, zerga ihesa arazo zibila da soilik, ez da delitu kriminala.
Orain, zerga ihesari buruz egiten diren ikerketetan ere informazioa emango duela ziurtatu du Suitzak. Haatik, dagoeneko aurreratu du ez duela bezeroen informazio globala zabalduko. Hots, ez da sekula truke automatikoa egingo, eta kasuaren arabera aztertuko da. «Bezeroen pribatutasuna ezin justifikatuzko atzerriko ikuskaritzatik babestuta jarraituko du», zehaztu du Suitzako Gobernuak. Gainera, legedia moldatzeak luze joko duela ohartarazi du.
Bien bitartean, banku-sekretua polemika iturri izaten jarraitzen du. AEBetako Administrazioak UBS Suitzako bankuarekin lehian jarraitzen du. Oraingoz, ustez iruzur fiskala egin duten 300 kontu jaberen berri eman die bankuak ikertzaileei. Baina ez da aski, eta beste 50.000 laguni buruzko informazioa nahi dute.
Suitzan eztabaida hasi da banku-sekretua murrizteko, baina aldaketak luze joko du
«Kasuaren arabera» emango du bezeroaren informazioa, baina ez du datu truke globalak egitea onartuko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu