Silicon Valleyko aspaldiko aliatuak batu egingo dira, Microsofti lehia egin ahal izateko. Atzo zabaldu zutenez, Oraclek Sun Microstems lehiakidea erosiko du, 5.700 milioi euroren truke.
Duela bi astera arte IBM aritu da Sun erosi nahian, baina ez ziren prezioan ados jarri. IBMk ez bezala, Oraclek onartu egin du Suneko buruzagitzak ezarritako prezioa -9,50 dolar akzioko-. Ostiraleko balioa baino %42 handiagoa da hori. Suneko administrazio kontseiluak aho batez onartu du salmenta, eta litekeena da udan gauzatzea.
IBMrekin eta Hewlett Packardekin lehiatzea izango da, hain zuzen ere, Oracle handituaren helburu nagusia. Konpainia horren negozio nagusia softwarea da, datu baseei lotutakoa. Azken urteotan softwareko beste konpainia batzuk ere erosi ditu-BEA Systems, Siebel eta People Soft-, baina Sun Microsystemsi esker, hardwarearen merkatuan ere izango da. «Oracle izango da sistema integratua egin dezakeen konpainia bakarra; osagai guztiek bat egin eta funtzionatuko dute, bezeroak egin behar ez dezan», azaldu du Larry Ellison Oracleko buruak.
Sun erosita, ikusteke dago zertan geratuko den azken urteotan Oraclek Hewlett-Packard eta Dell konputagailu egileekin garatutako negozioa. Azken horiek dira Sunen lehiakide nagusiak.
Sun Microsystems erosi du Oraclek, IBMri aurre egiteko
Oraclek 5.700 milioi euro pagatu ditu softwarean ez ezik hardwarean ere zeresana izateko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu