LAN GATAZKA

Sunsundegui langileek eta zuzendaritzak erostea nahi du Nafarroako Gobernuak

UGTrekin akordio oinarria sinatu du Sodenak, langileek enpresaren %49 eros dezaten. Zuzendaritza %51rekin geratuko litzateke. ELA eta LAB ez daude akordio horretan, eta gehiago dira enpresan.

xabier martin
2013ko martxoaren 8a
13:59
Entzun

Altsasuko Sunsundegui autobus enpresa "bideragarri egiteko" akordio oinarri bat sinatu dute Nafarroako Gobernuak, Sodenaren bidez eta UGT sindikatuak. Kanpoko bazkiderik aurkitzeko saio antzuaren ondoren, enpresa langileen eta zuzendaritzaren esku geratzea nahi du Barcinaren gobernuak. "Gure parte hartzea ez da sekula betiereko izaerakoa izan", esan du Lourdes Goikoetxea Ekonomia kontseilariak. Horretarako 36 milioi euroko zorraren zati batekin geratzeko prest dago gobernua; Sodenak 15 milioi euroko zorrari aurre egingo lioke, eta langileek nahiz zuzendaritzak osatuko luketen sozietate berriak (enpresaren jabeak) milioi bat euro jarriko luke. Zor den beste kopuruarekin, 19 milioi euro pasatxo, zer gertatzen den ez du argitu Goikoetxeak. Transakzio bat gertatzen denez gero, "barkatu" egiten dela eman du aditzera, hori nola den azaldu gabe.

Akordio oinarriak berregituraketa jasotzen du lehen lehenik, kaleratzeak. 80 langile kaleratzeko asmoak jasotzen ziren orain aste batzuk Sodenak mahairatu zuen bideragarritasun planean, eta orain 65 bat kaleratze aipatzen dituzte. 47ra jaitsiko litzateke kopurua "bere borondatez joan nahi dutenak" kontuan hartuz. Hala diote UGTko ordezkariek, eta horrekin batera  enpleguari begira Sunsundeguik Sakanan duen garrantzia gogorarazi dute.

Irtenbide hau beste bide batzuetan aurrera egiteko porrotaren ondoren etorri da. Goikoetxea kontseilariak onartu du ez dutela kanpoko bazkiderik aurkitu bideragarritasun planean jasotzen zen bezala, eta azkenean ”irtenbide hau” atera dela aurrera: zuzendaritza eta langileen esku uztea enpresa, Gobernua kanpora aterata. Akordioa aukeztuko diete langileei gaur enpresan, eta ”berehala” hartu beharko dituzte erabakiak, ”bezeroak galtzen ari direlako”. Goikoetxeak dio oztopo ugari gainditu dituztela akordio horretara iristeko. Sakanaren enpleguarentzat oinarrizko den bideragarritasun plana dela dio, eta langileek hori kontuan hartu beharko luketeela.

Plana aurrera ateraz gero, Nafarroako Gobernua 4,4 milioi euroko dirulaguntzak jarriko lituzke Sodenaren bidez. Jabe berriek milioi bat euro jarri beharko lukete. Baina betiere berregituraketa jartzen dute aurretik, kaleratzeak. ”Zaila da”, baina ”zentzu ona” eduki behar dela dio UGTko ordezkariak, "Sakanaren alde".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.