Maiatzetik airean zegoen Altsasuko Sunsundegui enpresako langileen etorkizuna, baina atzo bideratzea lortu zen. Izan ere, akordiorako oinarria sinatu zuten enpresa batzordeak eta zuzendaritzak. Sindikatuek hilabeteotan egin duten eskaera nagusia azken momentuan onartu du enpresak: kaleratzerik ez egotea.
Trukean, baina, lan talde osoari enplegua erregulatzeko dosier berri bat aplikatzea adostu dute bi aldeek. Horren arabera, 43 egunez etengo zaie kontratua, urrira bitartean. Horren berri Gorka Vierge ELAko Sakanako arduradunak eman dio BERRIA-ri.
Akordiorako oinarria lortubai, baina guztia ongi sinatu aurretik, egiten ari diren greba ez dutela bertan behera utziko ohartarazi du Viergek: «Bihar [gaur] goizean bilera egingo dugu enpresarekin eta Nafarroako Gobernuarekin, eta behin akordioa sinatuta, greba bertan behera geratuko da, eta langileak ostegunean bertan hasiko dira lanean».
Azken unean erabaki du enpresak kaleratzeak baztertzea, Nafarroako Gobernuak dosierrari baiezkoa edo ezezkoa emateko epea amaitu baino hiru egun lehenego. Pasa den maiatzean aurkeztu zuen txostena zuzendaritzak 77 langile kaleratzea, eta beste 113ri kontratua 67 egunez etetea proposatzea. Negoziazio epea agortu egin zuten bi aldeek, inongo akordiorik lortu gabe. Sunsundeguik 250 langile inguru dauzka, eta autobusak egiten ditu.
Viergeren arabera, «oso pozik» daude lortutakoarekin: «Behintzat, espediente hau bertan behera geratu da, eta horrek lasaitasun apur bat ekarri die langileei». Horrez gain, Nafarroako Gobernuak atzo martxan jarritako bitartekaritza esparruak «fruituak» eman dituela iritzi dio.
Hain zuzen ere, herenegun izan zuten bilera administrazioak eta sindikatuek, eta Nafarroako Gobernuari bitartekari izateko proposatu ziotenean, hura prest azaldu zen lan hori egiteko.
Egun horretan bertan greba mugagabea hasi zuten beharginek. Lantegia geldituta egon zen, «langile bakar bat ere» ez zelako azaldu, Viergeren arabera. Beste alderdi batek ere bultzatu du, ELAko kidearen ustez, zuzendaritza erabaki hori hartzera: «Langileen presioak kalte egin dio enpresari; presa zeukan autobus batzuk ateratzeko».
Hain zuzen, oporrak ostiralean bertan dira hartzekoak langileak, eta eskaera hori bere garaian betetze aldera, zuzendaritzak oporrak atzeratzea proposa dezakeela iritzi dio Viergek: «Enpresa saiatuko da boluntario batzuk hartzen oporrak aldatzeko. Abuztuan izan ordez, urrian izateko. Hori bai, oraindik ikusteko dago».
Hala ere, «su-eten garaian» daudela nabarmendu du Viergek: «Aparkatuta geratu da, baina horrek ez du esan nahi azaroan edo aurrerago berriz ez direla etorriko kaleratzeekin».
Akordioa Grumalen
Beste akordio bat ere sinatu zen atzokoan, Azpeitiko Grumalen, hain zuzen. Pasa den ekainaren 12an 147 langileri eragingo zien enplegua erregulatzeko espedientea aurkeztu zuen zuzendaritzak, baina sindikatuek hasieratik bota zioten ezezkoa. Horren ondoren enpresak beste 70-80 pertsona kaleratuko zituen susmoa baitzuten.
Sinatutako akordioaren arabera, behintzat, ez da horrelakorik gertatuko. Izan ere, enpresak uko egin dio datozen hiru urteetan langileak kaleratzeari. Bestalde, oporren ehuneko ehuna kobratzea ere adostu zuten, eta aparteko pagak %90ra arte osatzea. Horren ordez, enpresa batzordea dosierra onartzeko prest azaldu da.
Enpresan gehiengoa duen ELA sindikatuaren arabera, akordioak posible izaten dira «mehatxu eta xantaiak baztertu, eta era berean beraiei [enpresariei] dagokien ahalegina egiten dutenean». Gaineratu du «tristea» dela ikustea jarrera hori, eta horrelako egoeran dagoen beste enpresa baten izena ere aipatu du: Azkue y CIA.
Sunsundeguin inor ez kaleratzeko akordiorako oinarria lortu dute
Langile guztiei kontratua 43 egunez etengo dieten arren, ELA «pozik» agertu da adostutakoarekin
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu