LAB sindikatuak berri eman duenez, 45 urteko langile kaleratu batek bere buruaz beste egin zuen herenegun Nafarroan. J.P, 45 urteko behargin altsasuarra, Sunsundegi autobus ekoizlean aritu zen aurtengo apirilera arte. Hil horretan kaleratu zuen enpresa zuzendaritzak beste 40 lankiderekin batera. LABek azaldu duenaren arabera, 2010ean hasi ziren enplegu arazoak Sunsundegiko langile ohiarentzat. Urte horretan kaleratu zuten lehen aldiz beste behargin batzuekin batera; Geroago berriro lanean hasteko aukerarekin joan zen enpresatik. Hala, 2011n Sunsundegiren plantan hasi zen bigarrenez, eta aurtengo apirilean bigarrenez kaleratu zuen zuzendaritzak beste 40 langilerekin batera.
LABek dio azken kaleratze kolektibo hori egin aurretik akordio bat zegoela enpresan, eta haren arabera aurretik urtebete langabezian egondakoak izango zirela azkenak lan erregulazioaren zerrendan, langabezia epearen erdia baino gehiago agortuta baitzuten jadanik. «Bazterketa sindikala salatu genuen orduan», azaldu du sindikatu abertzaleak ohar batean; «kaleratutakoen erdia baino gehiago LABeko kideak izan ziren, nahiz eta gurea izan ordezkaritza txikiena zuen sindikatua». Herenegun bere buruaz beste egin zuen behargina LABeko afiliatua zen eta sindikatuaren zerrendan azaldu zen enpresaren sindikatuen hauteskundeetan.
Manifestazioa Altsasun
«Aldi baterako lan enpresa baten bidez 50 pertsona hartu ditu sei hilabete geroago Sunsundegik», dio LABek; hildako langile ohia «kalera joan ziren beste langile batzuen langabeziaren erdiarekin kaleratu zuten». Horregatik, «patronala eta gobernu neoliberalak» salatu ditu LABek, Altsasuko langilearen kasua «ez delako bakarra gaur egungo krisi garaietan eta enpresa honetan». Sunsundegin enplegua suntsitu duten neurriak direlako sindikatu abertzalearen ustez, «egoera hauek gertatzea ahalbidetzen dutenak». LABek uste du kaleratzea "erabakigarria" izan dela beharginak bere buruaz beste egiteko.
45 urteko langile kaleratuaren heriotza salatzeko manifestaziora deitu du LABek gaurko (19:30) Altsasun, «patronala hiltzailea» lelopean. Foru plazatik abiatuko da martxa. Bihar elkarretaratzera deitu du, halaber, CEN patronalaren egoitzaren aurrean, Iruñean (12:00).