Legez kanpo aritzea egotzi die EHNE nekazari eta abeltzainen sindikatuak banaketa enpresa handiei. Erosleak erakartzeko esnea kostuen azpitik saltzen dutela salatu dute, eta horrek hemengo abeltzainen "heriotza" dakarrela. Horregatik egin dute protesta Iruñeko Carrefour saltoki handiaren aurrean. Esnearentzako prezio duina aldarrikatu dute Euskal Herri osotik heldutako hogeita hamar bat esnegilek, eta parodia bat ere egin dute industriak, administrazioak eta banatzaileek abeltzainak zapaltzen dituztela adierazteko.
Abeltzainen ekoizpen kostuek nabarmen egin dute gora azken urteetan, gainera. Eta pentsuaren kasua aipatu dute adibide gisa EHNEko kideek. 228 eurokoa zen tonaren prezioa 2010ean, eta 320 eurokoa da aurten. Azaldu dutenez, bi urtean behien ustiategien errentagarritasunaren %35eko jaitsiera ekarri du horrek. Euskal Herria esne sektorerik gabe geratzeko arrisku larrian egon daitekeela uste du sindikatuak.