A.I.T. 38 urteko behargina hil zen atzo, Bilbon Supersur saihesbideko lanetan ari zela. 13:30ean gertatu zen lan istripua, Peñascal tuneletan. Gizonezkoa tunelaren hasieran zegoen, zulagailuari konponketaren bat egiten, eta, zergatik ez dakitela, harri handi bat jausi zitzaion gainera. Kolpea hartu eta berehala zendu zen. UTE Arraiz enpresarena den Obras Subterraneasen egiten zuen lan hildakoak.
Sindikatuek gaitzetsi egin dute gertatutakoa. CCOOk kontuak eskatu dizkio Eusko Jaurlaritzari, ezbeharra herri lanetan gertatu delako. Hala, istripua salatzeko elkarretaratzea egingo du bihar Bilbon. LABen arabera, onartezina da tunela zein egoeratan dagoen jakiteko neurririk ez egotea.
Sindikatuak, gainera, beste lan heriotza baten berri ere eman du. Haren arabera, 54 urteko J.J.A.G. behargina hil da Bilboko Osatzen enpresan. Heriotza ez-traumatikoa izan du. LABek egindako kontaketaren arabera, urtea hasi zenetik 99 lagun hil dira beharrean ari zirela.
Bizkaiko Foru Aldundiak «beste behin horrelakorik gerta ez dadin», Supersurren izandako lan istripuan gertatutakoa azken muturreraino aztertuko duela adierazi du, eta elkartasuna adierazi dio hildakoaren familiari. Era berean, langile guztiei eskatu die behar adinako segurtasun neurriak har ditzatela lanean ari direnean.
Supersurreko lanetan ari zen langile bat hil da, harri batek azpian harrapatuta
Hildakoak 38 urte zituen, eta Obras Subterraneas enpresarentzat egiten zuen lan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu