Aurtengo egin zituzten aurreikuspenak ez ziren onak, eta COVID-19ak okertu egin ditu. Sektoreak «hortzak estutu, eutsi eta poliki-poliki» egoeratik aterako den esperantza du Xabier Ortuetak, AFM makina-erremintaren klusterreko zuzendari nagusiak. Uste du 2021ean ekonomiak oro har «gorakada handia» izango duela, baina azpimarratu du makina ekoizleek pixka bat gehiago itxaron beharko dutela, beren bezero diren sektore nagusien aurreneko lehentasuna produzitzen hastea izango delako, eta gero, agian, tresnak berritzea. «Eskariak atzeratuko dira; orain, arazoa saltzea izango da», ohartarazi du Ortuetak.
Itxaronaldi horri aurre egiteko, administrazioen laguntza ezinbestekoa izango dela azpimarratu du AFMko buruak, eta honako lau puntu hauek aipatu ditu: sektorearentzako orain arteko diru laguntzekin jarraitzea eta neurri fiskalak ezartzea enpresek makina berrietan inberti dezaten; enplegua mantentzeko neurriei eustea —zehazki, enplegua aldi baterako erregulatzeko espedienteak abendura arte luzatzearen alde azaldu da—; eta nazioartekotzean laguntzea, ferietan eta bidaietan, erosleak erakartzeko.
Klusterreko kideek ostiralean egingo dute urteko batzar nagusia, modu telematikoz. Eta horri begira, aurtengo aurreikuspen berrituei buruz mintzatu dira komunikabideen aurrean, Donostian; Ortuetarekin batera, Xabier Garbalena AFMko presidentea izan da. Otsailean biek eginiko agerraldi batean ohartarazi zuten ia %10 egin zuela atzera sektoreak, 2018ko datuekin alderatuta. Orain, 2020ari begira, fakturazioan %20ko galera aurreikusten dute —300 milioi euro gutxiago—.
Horrek lanpostuetan zer eragin dezakeen, horri buruz azaldu dute AFMn ez dutela kalkulurik egin, baina gogoratu dute 2008ko krisian «txikia» izan zela kolpea, eta iaz, %10en galerekin ere, %0,8 handitu zela enplegua. Garbalenak gogoratu du osasun krisiak iraun duen denboran, sektoreko enpresa gehienek ez dutela aldi baterako erregulaziorik egin eta ez dutela produkzioa eten, urte hasierako eskaera zorroari erantzuteko. Dena den, «malgutasuna» galdegin du, «gertatzen ari denera eta enpresa bakoitzaren errealitatera egokitzeko», eta, horrekin lotuta, aldi baterako erregulazioak urte amaierara arte luzatzearen alde azaldu da. «Erosleak lortzen ez baditugu, guk datozen hilabeteetan izango ditugu arazoak», argudiatu du.
Renove planak
Izan ere, nazioarteko merkatuak izango duen jarrera gakoa izango da sektorearentzat. Eta horri buruzko aurreikuspenak ez dira batere onak, AFMko kideek azaldu dutenez. Urte amaieran eskaeren bilketa %40 murriztuko dela uste dute. Garbalenak azaldu du «uste baino hobeto» abiatu zutela urtea, baina nabarmendu du koronabirusari aurre egiteko hartu diren neurriek eta, bereziki, bidaiatzeko debekuek eragin dutela eskariak %35 gutxiago izatea aurreneko sei hilabeteetan. «Dena den, oso egoera zailean gai izan gara %65 saltzeko». Ortuetak, berriz, gogoratu du nazioarteko merkatuetan salbuespen bakarra Txina izaten ari dela, hango enpresak apiriletik ari direlako ohiko martxan. «Abiatze izugarria izan du Txinak, baina hango merkatuan sartzea kosta egiten zaigu». Egun, esportazio herrialdeetan bosgarrena da AFMko kideentzat; kanpoan saltzen duten guztiaren %7,5 hara doa.
Euskal Herriko eta Espainiako merkatuei buruz, iazko urtea «txarra» izan zela gogoratu du Garbalenak. Aurrera begira, berriz, industriaren traktore diren sektoreak —autogintza eta aeronautika aipatu ditu— laguntzearen alde azaldu da, makinak berritzeko Eusko Jaurlaritzak abiatutako hamar milioi euroko Renove planen bidez —finantzaketa gehiago eskatu du, eta Espainiako Gobernuak ere antzeko programa bat martxan jartzeko— , eta etekinen berrinbertsioa sustatzeko neurri fiskalen bidez, horien bitartez enpresen ekoizpen bitartekoak berritzeko eta digitalizazio planak bultzatzeko. Garbalenak gogoratu du neurri horrek «arrakasta itzela» izan duela Italian.
Bestalde, ohi bezala Barakaldoko BECen (Bizkaia) maiatzean egitekoa zen makina-erremintaren 31. biurtekoa azaroan egingo dutela ziurtatu du AFMk. Formatua aldatuko dutela iragarri du, bidaiak eta harremanak errazteko. Jakinarazi du enpresa ugariren baiezkoa jaso dutela.