Udazken iluna irudikatu du Adegi patronalak Gipuzkoako enpresetan. Susperraldia atzeratzen ari da, enpresa gehienetan eskaera ahula da, eta oraindik asko dira enplegua murrizteko asmoa dutenak. Ondorio nagusi horiek atera ditu patronalak, hamar langile baino gehiago dituzten herrialdeko konpainietan egindako inkestatik. Hori dela eta, egoera «normaltasunetik urrun» dagoela ohartarazi du.
Gipuzkoako ekonomiak aurten ez duela hazkunderik izango kalkulatu du Adegik, lehenbiziko seihilekoan %0,1 atzera egin ondotik. Ekonomiaren susperraldia «atzeratuen» dagoen herrialdea dela ohartarazi du patronalak. Makina-erremintak duen pisuarekin lotu du atzerapen hori. Industria horren indarrak Gipuzkoa atzeraldian beranduago eroriarazi zuen, Adegiren ustez, baina hortik ateratzea ere trabatu egingo du.
Arazoak arazo, enpresen fakturazioak batez beste %2ko hazkundea izan du azken hilabeteotan. Hala ere, enpresaburu elkarteak nabarmendu du ez dela aski izan azken bi urteotan izandako jaitsiera bortitzak zuzentzeko-%25 inguru-. Sektore batzuetan egoera hobetu da, hala eta guztiz ere. Esaterako, metalurgia, garraio materiala, industria kimikoa, kautxu eta plastikoak, papergintza eta arte grafikoak.
Kanpo sektorearen ekarpena ere handitzen ari da, apurka. Urteko lehen zortzi hilabeteetan esportazioak %3 igo dira. Hazkunde hori ere mugatzen ari da ekipo-ondasunek duten pisua.
Enplegu gutxiago
Urteko bigarren erdia ez da ona izango enpleguarentzat. Adegiren ustez, okupazioak %0,3 egingo du atzera. Hala bada, 600 lanpostu galduko dira Gipuzkoan. Inkestari erantzun dioten bost enpresatik batek adierazi du datozen hilabeteotan lanpostuak gutxitzeko asmoa duela. Bezperan antzeko kalkulu bat bota zuen Bizkaiko Metalgintza Enpresen Federazioak, dagokion esparruari begira.
Apirilean egindako inkestan baino gehiago dira orain enplegua murriztu nahi dutenak. Horren haritik, langile «gehiegi» dituela uste dute enpresen %36ek. Eta %5ek bakarrik espero dute langile kopurua handitzea.
Patronalak ziurtatu du herrialdeko enpresa txikien %7ren «egoera kritikoa» dela. Multzo horretan sartu du eskaera eta salmenta kopurua %15 edo gehiago erori den lantokiak, eta langileen %10 «sobera» dituztenak. Hego Euskal Herriko eta Espainiako merkatuetan bakarrik aritzen dira enpresa horiek. Antzeko arazoa dute tamaina erdiko enpresen %10ek. Eskaera eta salmenta txikiak dituzte, eta langileen %10 kaleratzeko prest daude, «irautea bermatzeko». Metalurgia, papergintza, kimika, plastiko eta eraikuntza sektoreetako enpresak dira, txostenaren arabera.
Guztira, enpresen %68k eskaera maila ahula duela adierazi du, eta %71k joan den apirileko fakturazio bera edo txikiagoa espero du. Egoerari buelta eman ahal izateko malgutasuna «indartu» beharko dela ohartarazi die Adegik langileei.
Susperraldia atzeratu eta enpleguak galduko direla iragarri du Adegik
Gipuzkoako enpresen %20k lanpostuak gutxitzeko asmoa dute datozen hiletan, patronalak egin duen inkesta baten arabera
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu