Udaberriko baikortasuna alde batera utzita, susperraldiaren erritmoa moteldu egin dela onartu du gaur Europako Batzordeak. Hala, euroguneko barne produktu gordina aurten %0,8 haziko dela kalkulatu du aurreikuspen berrietan, joan den maiatzean espero zuena baino lau hamarren gutxiago. Aurreikuspen murrizketa are handiagoa da heldu den urterako: %1,7 haztea espero zuen Bruselak, eta orain %1,1 haztea da itxaropena. 2016. urterako lehen iragarpena ere atera du EBk: %1,7.
Europako Batasun osoari dagokionez, hazkunde aurreikuspenak ere gutxitu dira, baina eurogunekoak baino hobeak dira. 28 herrialdeen barne produktu gordina %1,3 handituko litzateke aurten, %1,5 datorren urtean, eta %2 2016an.
"Susperraldia ez da gertatzen ari udaberrian espero genuen bezain indartsu", onartu du Pierre Moscovici Ekonomia eta Finantza Gaietako komisario berriak. Udazkeneko ekonomia aurreikuspenak aurkeztu ditu gaur Europako Batzordeak, Bruselan (Belgika). Hori bai, oraingoz ez du ikusten hirugarren atzeraldiaren erortzeko arriskua, eta herrialde guztiek, bai eurogunean bai Europako Batasunean, hazkunde positiboa izango lukete datozen bi urteetan. "Herrialde gehienak %1etik gora haziko dira", azpimarratu du Moscovicik. Halaber, aurtengo lehen seihilekoan hazkundea gelditu duten faktore ugari behin behinekoak direla uste du batzordeak.
Ekonomia nagusi gehienen hazkundea espero zena baino motelagoa izango da. Hala, Alemaniak aurten %1,3ko hazkundea izatetik %1,1 izatera jaitsiko da heldu den urtean. Aldez aurretik %2 haztea zen kalkulua. "Europak ezin du aurrera egin motor bakarra badu. Motor gehiago behar ditu", ohartarazi du Jyrki Katainen Ekonomia komisarioak, Alemaniaren ahuleziaz galdetuta. Frantzian eta Italian hazkundea %1etik behera egongo da heldu den urtean, halaber. Espainiarentzat, berriz, lau hamarren jaitsi du Bruselak aurreikuspena, %2,1etik %1,7ra.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoan ekonomia datorren urtean %1,7 haztea da Eusko Jaurlaritzaren kalkulua. Nafarroako Gobernuaren aurreikuspena %2 da.
Hazkunderik handiena eurogunean krisi gogorrenak jasandako herrialdeek izango dituzte. Irlanda izango da tasarik handienak izango dituena, eta Grezia ere batez bestekotik gora haztea espero da. EBk onartu du ekonomia horien hobekuntzari luze geratzen zaiola, galdu duten guztia aintzat hartuta. Eurogunetik at Erresuma Batuak hazkunde indartsuari eustea espero da: %2,7 datorren urtean, eta %2,6, 2016. urtean.
Hazkunde motelago horrekin enpleguaren eta langabeziaren aldaketa txikia izango da. Hala, moneta bakarra duten herrialdeetan lanpostu kopurua aurten %0,4 handitzea espero du EB, eta %0,5 datorren urtean. Langabezia tasan jaitsiera oso arina eragingo luke horrek. Aurten, batez beste, euroguneko langabezia tasa %11,6 izango da, heldu den urtean %11,3, eta 2016. urtean %10,8.
Inflazioari dagokionez, deflazioa gertatzeko aukera baztertu dute aurreikuspen berriek. Aldiz, prezioek apurka gora egingo dutela uste dute EBko ekonomialariek. Euroguneko inflazioa %0,5 izango litzateke aurten, %0,8 datorren urtean, eta %1,5 2016. urtean. Edozein kasutan, EBZ Europako Banku Zentralak ezarrita duen helburutik behera legoke (%2ren azpitik, baina hurbil). Herrialde batzuetan inflazio negatiboa egoteari garrantzia kendu dio Moscovicik, erta ekonomia horien "beharrezko doikuntzari" zor zaiola ziurtatu du.