Krisitik ateratzeko prozesua motela izaten ari da. Urtarriletik martxora, urte arteko hazkundea %0,4 izan zen Araba, Bizkai eta Gipuzkoan, eta %0,6 Nafarroan. Euroguneak izan duen batez besteko hazkundearen erdia da. Oraingoz, ekonomia indartsuenek izan duten hobekuntzatik oso urrun daude. Alemanian BPG barne produktu gordina %2,3 handitu da, eta AEBetan, beste hainbeste. Ekonomia nagusien artetik, Italia da emaitzarik txarrenak lortu dituena. Oraindik urte arteko tasan ez du hazkunde positiborik (-%0,5).
Eustatek gaur argitaratu ditu lehen hiruhilekoari dagozkion kontu ekonomikoak. Datu nagusiak honezkero ezagunak ziren. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ekonomia hiru hamarren hazi da, aurreko hiruhilekoarekin alderatuz, eta lau hamarren, aurreko urtearekin alderatuz. Gaur, herrialde bakoitzaren garapena zehaztu du Eustatek. Urte arteko tasan, Gipuzkoako BPGa %0,7 handitu da, Arabakoa %0,5 eta Bizkaikoa %0,2. Hiruhileko arteko tasak bestelako irudia eskaintzen du. 2013. urteko azken txanpatik hona Araban ekonomia %0,4 hazi da, Bizkaian %0,3 eta Gipuzkoan %0,1.
Sektore ezberdinak aztertuta, industria eta zerbitzuak berriro ere urte arteko hazkunde tasa positiboetara itzuli dira, %0,5 eta %0,6, hurrenez hurren. Eraikuntzak erortzen segitzen du. Joan den urtean erorketaren erritmoa moteldu zen, baina, hala ere, %1,4 uzkurtu da. Hiruhileko arteko tasan ere eraikuntzak %2,7 egin du atzera. Industrian, aldiz, eskulangintzaren ekarpena %2 handitu da urtarriletik martxora.
Eskaerari dagokionez, albiste adierazgarria da barne eskaerak kopuru negatiboak atzean utzi dituela, urte arteko tasan. Barne eskaerak pertsonen nahiz administrazioen kontsumoa eta inbertsioa hartzen ditu kontuan, eta lau urtez atzera egin du. 2014. urteko lehen hiruhilekoan hamarren bat hazi da. Hori bai, familien kontsumoa soilik %0,1 handitu da aurreko hiruhilekotik hona.
Aurreko urtearekin alderatuz, %0,5 egin du atzera enpleguak. Sektorekako banaketak irakurketa interesgarria ematen du. Guztietan du galera, hirugarren sektorean izan ezik. Eraikuntzan (%4,9), industrian (%2), eta nekazaritzan (%2,4) lanpostuak galdu dira, baina zerbitzuek hazkunde positiboa izan dute (%0,4). EAEko ekonomia osoak dauden lanaldi osoko lanpostu parekideak kalkulatzen dira kontu ekonomikoetan.