Suspertze ekonomikoari buruzko iragarpena hobetu du Europako Batzordeak

Urtearen bigarren zatian kontsumo pribatuaren eta inbertsioen gorakada sendoa espero du, eta eurogunean urte bukaeran berreskuratuko dela krisi aurreko BPG erreala. COVID-19aren aldaera berriak eta inflazioa dira mehatxu nagusiak. 

Paolo Gentiloni Europako Batzordeko Ekonomia komisarioa, gaur, iragarpenen berri ematen. STEPHANIE LECOCQ / EFE
Irune Lasa.
2021eko uztailaren 7a
12:11
Entzun

Euroguneko ekonomiak aurretik uste baino hiruhileko bat lehenago berreskuratuko du pandemia aurreko BPG erreala, hots, aurtengo azken hiruhilekoan.

Europako Batzordeak hobetu egin ditu aurreikuspen ekonomikoak euroaren eremurako eta Europako Batasunerako, eta uste du bietan barne produktu gordina %4,8 haziko dela aurten, eta %4,5 2022. urtean. 2021erako hazkunde iragarpen hori udaberrian egindakoa baino 0,6 puntu handiagoa da Europako Batasunaren kasuan, eta 0,5 puntu handiagoa euroguneari dagokionean.

Europako ekonomiak uste baino portaera hobea izan zuen urteko lehen hiruhilekoan, eta bigarrenean, osasun egoera hobetu ahala, espero baino bizkorrago arindu dira murrizketak, batez ere zerbitzuen sektorearen mesedetan.

Orain, txertatzeak martxa onean doazela, herritarren eta enpresen sentimenduei buruzko inkestei begira, Europako Batzordeak kontsumo pribatuaren eta inbertsioen gorakada sendoa espero du. Uste du horrek konpentsatuko dituela, neurri batean, lehengaien behin-behineko eskasiak eta manufakturako kostuen igoerak eragindako kaltea.

Hala ere, ziurtasun gabeziak eta arriskuak hor daude, eta bi mehatxu dira handienak Batzordearentzat: batetik, COVID-19aren aldaera berriak daude, eta txertaketa bizkortzea oso garrantzitsua izango da horri aurre egiteko. Eta bestetik, inflazioa ere kezka iturri da. Aurreikusi baino handiagoa izan daitekeela uste du Batzordeak, eskaintza murrizketek hor jarraitzen badute eta prezioen presioa kontsumitzaileengana iristen bada.

Herrialdeka, Batzordeak uste du Alemaniako ekonomia %3,6 haziko dela aurten, eta %4,6 hurrengo urtean; Espainiako BPG %6,2 haziko da 2021ean, eta beste %6,3 2022an; Frantziakoa, berriz, %6 handituko da aurten, eta %4,2 gero; eta Italiako barne produktu gordinak %5 egingo du gora aurten, eta %4,2 hurrengo urtean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.