EZBEHARRA

Sute batek sei pabiloi kiskali ditu Jundizen

Ez da inor zauritu, eta suhiltzaileek kontrolpean dute sua.

Suhiltzaileak, Jundizen lanean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Berria.info
2014ko maiatzaren 8a
07:12
Entzun

Eusko Jaurlaritzaren Segurtasun Sailaren arabera, 05:20 aldera piztu da sutea, Escor birziklatze eta garbiketa enpresak Jundizko industrialdean dituen pabiloi batzuetan, Gasteizen. Ondoko enpresa bateko zaintzaile batek eman du alarma. Lehen unean bertaratu diren suhiltzaileek laguntza eskatu behar izan dute, sua handia zelako eta Escorren beste pabilioi batzuetara hedatzen ari zelako. 

Azkenean, suak Escorren 500 metro koadroko sei pabiloi kiskali ditu, hiru nabe bikoitzetan. Garrek gutxienez hiru kamioi eta lau gurdi erre dituzte, eta zehaztu gabeko beste material batzuk.

Ez da inor zauritu, sua piztu zen unean pabiloietan ez baitzegoen inor. Hor aritzen diren hamabost langileak lanera joan direnerako sua praktikoki itzalita zegoen eta Escorrek dituen beste lantokietara joan dira.

Pneumatikoak eta gasolioa

Sua beste enpresa batzuetara hedatzeko arriskua zegoen, baina hori gertatzea eragotzi dute suhiltzaileek. Bereziki kezkatuta zeuden Escorren pabiloietako baten alboan pneumatikoak biltzen dituen enpresa bat dagoelako, eta material hori oso sukoia da. Halaber zeuden kezkatuta Escorren pabilioi baten azpian 40.000 litro gasolio gorde ditzakeen biltegi bat dagoelako. Horregatik, Jundizera joandako suhiltzaileen lehen lanetako bat izan da aparra botatzea pabilioi horretan, garrak ez zitezen biltegira iritsi.  

Oraindik ez dakite zer dela-eta sortu den sua. Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia bertara joan da, eta azaldu du sua itzali ostean hasiko direla aztertzen zerk piztu duen. 

Guztira suhiltzaileen hamarren bat ibilgailu aritu dira sua itzaltzeko lanetan. 09:30ean lortu dute sutea kontrolpean izatea. Hala ere, talde batzuk artean Jundizen daude, sua ondoko enpresetara hedatuko ez dela ziurtatzeko.

Escor enpresa 1987an eratu zen, eta garbiketarekin eta birziklatzearekin lotutako hainbat zerbitzu ematen ditu. Papera, plastikoak eta beste material batzuk berziklatzeko planta bat du, eta material horiek biltzeko edukiontziak hornitzen ditu. Kale, estolda eta industrien garbiketan ere aritzen da. 

Daniel Estévez Escorreko kudeatzaileak Efe agentziari esan dio ez dakiela zerk eragin duen sua. Makinaria erabat hondatuta geratu dela baieztatu du eta hormak baizik ez direla salbatu. "Instalazio bat erre da, baina aurrera jarraitu behar dugu", gaineratu du.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.