«Amiantoarekin kontaktuan egoteak eragindako laneko gaixotasunen dramak ia dimentsio pandemikoa du». Hala dio ELA sindikatuak gaur plazaratutako oharrak. Tafallako (Nafarroa) Fagor Ederlanen lantegian hainbat urtez lan egin zuen behargin baten heriotza salatu dute, eta adierazi berriz azaleratu dela amiantoarekin kontaktuan lan egin zuten langileen drama.
XX. mendean zehar izandako kontrol publiko eskasari enpresen segurtasun neurri faltari egotzi diote langile horien egoera. Aurrerantzean, ordea, erantzukizunez jokatzeko eskatu die sindikatuak enpresei, eta familiek ezartzen dituzten salaketak ez oztopatzeko ere bai: «Egin dezatela atzera beginhoz, eta ez ditzatela beharrik gabe luzatu bide judizialak». Horrek biktimen sufrimentua areagotzeko soilik balio duela uste du ELAk.
Erakundeei ere eskatu diete ardura: «Eslei ditzatela osasunerako eskubidea modu eraginkorrean bermatzeko behar beste baliabide». Lantokietan minbizia eragiten duten produktuak desagerrarazteko borroka egiteko konpromisoa ere berretsi du sindikatuak.
Orbegozo Acenorren, beste bat
Tafallakoa ez da izan amiantoarekin lotutako albiste bakarra gaur: Orbegozo Acenor enpresako langile ohi batek 300.000 euroko kalte ordainak eskatu dizkio enpresari, amiantoarekin kontaktuan lan egitearen ondorioz biriketako minbizia garatu duelako. Orbegozo Acenor zenaren egungo jabeak Cofivacasa eta Sidenor dira, eta haiei eskatu die kalte ordaina beharginak.
Hark Orbegozo Acenorren egin zuen lan 1964. eta 2000. urteen artean. Salatu du ez zutela amiantoaren arriskuen inguruko informaziorik, ezta babes neurririk ere. Lehendabizi Hernanin (Gipuzkoa) egin zuen lan, eta, ondoren, Basaurin (Bizkaia). Iaz diagnostikatu zioten biriketako minbizia, eta Osalanek egindako ikerketaren ondoren sartu dute amiantoarekin kontaktuan lan egindako langileen zerrendan. Gizarte Segurantzak ere aitortu zion lanak eragindako gaixotasunen baliogabetasun agiria, eta hobetu zion jasotzen zuen pentsioa.
Asviamie amiantoaren biktimen elkarteak adierazi duenez, Donostiako Justizia Auzitegiaren parean kontzentrazio bat egingo dute datorren astelehenean.