Ez du zuzenean Arcelor-Mittal aipatu, baina lerro artean hala irakur daiteke. “Dibertsifikatzen ez den enpresak ez dauka etorkizunik”, esan du Arantza Tapia Lehiakortasun sailburuak gaur goizean CAF Turnkey & Engineering enpresaren Zamudioko lantegiaren inagurazio ekitaldian. Adibide gisa jarri du enpresa hori, duela zazpi urte sortu zenetik berrikuntzan oinarritu delako haren ustez, eta baita dibertsifikazioan ere. “Negozioa handitzeko dibertsifikatu egin dute, eta hori hemengo herrian sinetsita. Hori ez dute askok egiten”. Arcelor zeharka aipatu du horrela Tapiak, eta ondoren egindako adierazpenetan Zumarragako lantegiaren zuzendaritzari eskaera egin dio Jaurlaritzak egindako proposamena azter dezan. Langileak, bestalde, negoziazio mahaitik altxatu dira itxieraren inguruko txostena ez dutelako aurkeztu nahi lantegiko arduradunek, eta horrek beste bide bat ireki duela esan du sailburuak. Enpresa eta langileen arteko bitartekariak sartuko dira, eta horrela Enplegu Saila ere sartuko da negoziazio horietan.
Hori txanponaren alde bat da. Beste aldean leudeke ITP eta Eroski. Aeronautika enpresak 59 milioi euro irabazi zituen joan den urtean, eta hori “etengabeko inbertsioei esker” izan dela esan du Tapiak. Eroskik, bestalde, krisia hasi zenetik galerak izan ditu, eta urte hau amaitzen denerako aurreikuspenetan irabaziak izatea espero du kooperatibak. “Ahalegin berezia egin dute enpresak aurrera egin zezan”, eta horregatik eredu moduan jarri ditu bi enpresak. Ahalegina egin dutelako, eta berrikuntzan saiatu direlako, sailburuaren arabera. Keinua egin dio, horrela, Arcelorri. Jarraitu beharreko bidea zein den esateko.