EH Bilduk eta PSE-EEk argibideak eskatu dizkiote Eusko Jaurlaritzari Navalera lan karga eramateko egiten ari den kudeaketari buruz. Arantza Tapia Garapen Ekonomikorako sailburuak erantzun die Jaurlaritza ez dela Navalen departamentu komertziala, ez beste enpresena, eta, ondorioz, ezin dela kontratuak lortzeko arduradun nagusia izan. Dena den, "gertu" egongo dela gaineratu du, guztiek jarduera manten dezaten.
Tapiak esan du konbentzituta dagoela Navalek kontratu berriak lortuko dituela. Sektoreak iaz 2.000 milioi euro fakturatu zituela gogoratu du, eta horrek erakusten duela "estrategikoa" dela gobernuarentzat, eta, ondorioz, babesa ematen jarraituko diola.
Kontratuak lortzeko formula zehatza zein den jakitea "zaila" dela dio, inbertsoreekin eta balizko finantzatzaileekin negoziatu behar delako, eta tax lease auzia oraindik ere eragiten ari delako.
Langileen protesta
Langileek ez dute iritzi berbera. Hala, azken egunotan egiten ari diren protesta kanpainaren barnean, Jaurlaritzaren egoitza aurrean bilduko dira gaur. Navalen aldeko "apustu errealik" ez egitea leporatuko diote.
Sestaoko ontziolak martxoan entregatuko du azken eskaera, eta kezkatuta daude langileak. Urteak daramatzate kinkan: dagoeneko zortzi erregulazio espediente pilatu dituzte bata bestearen atzetik.